Kazeta

Gatazkaren konponbidea aitzinatzeko Nazioarteko ekimena

Euskal Herrirako bake justu eta iraunkor baten bidean mugarri izan nahi duen ekimena aurkeztu dute Baionan: "Gatazkaren konponbidea aitzinatzeko nazioarteko topaketa". Nazioarteko ekimena maiatzaren 4an Kanboko Arnaga etxean iraganen da.

Ikusmin handia sortu da Foro Sozialak, Bake Bideak eta Nazioarteko Harreman Taldeak antolaturiko ekimenaren inguruan. Arratsaldeko 16.30ak aldera hasi den agerraldian Euskal Herriko bake justu eta iraunkorraren bidean mugarri izan nahi duen ekimenaren berri eman dute. "Gatazkaren konponbidea aitzinatzeko nazioarteko topaketa" lelopean, Nazioarteko ekimena Kanbon iraganen da maiatzaren 4an. Raymond Kendall, Jean-René Etchegaray, Anaiz Funosas, Agus Hernan, Kotte Ecenarro, Alain Iriart eta François-Xavier Menou presente egon dira ekimenaren aurkezpenean.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza hitza hartu duen lehena izan da. Euskal Elkargoa sortu denez geroztik, bake prozesuaren alde engaiatu dela azpimarratu du. Aietetik aitzina, hainbat hautetsi, kontseilari zein auzapezek frantziar zein espainiar Estatuen parte hartzea eskatzeaz gain, gizarteari informazioa eskaini dietela azaldu du.

Aitzina jotzeko asmoa beti bizirik mantendu dutela erran du Etchegarayk. Bake iraunkorra eraikitzeko borondatea Nazioarteko Ekimena antolatzearen zergatia direla dio auzapezak.

Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko xedez 2011n antolatu zuten Aieteko Konferentziaren testuingurua gogora ekarri du Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak. "Europako azken gatazka armatuaren inguruko bake justu eta iraunkorra erdiestea posible zela sinetsita genuela adierazi genuen. Sinetsita geunden euskal gizartearen, bere ordezkari politikoen zein nazioarteko komunitatearen laguntzarekin posible zela hau egitea".

Geroztik, Euskal Herrian bakeak egindako urratsak gogora ekarri ditu. Tokiko alderdi politikoek, gizarte zibilak zein instituzioek oztopoei aurre egin dietela nabarmendu du. Bide hori erraza izan ez dela aitortu ondotik, euskal herritarrek bakearen alde erakutsi duten determinazioa goraipatu du.

Bakearen aldeko urratsak egiteko helburuz, Nazioarteko ekimen berria antolatzea erabaki dute antolatzaileek. Euskal gizarte, erakunde eta alderdi politikoei bertan parte hartzeko deia luzatu diete. "Euskal Herrian bakearekiko gure konpromezua berresteko ordua heldu da", erantsi dute.