Iurre BIDEGAIN

Zabalik elkartearentzat tokirik ez Amikuzeko mediatekan

Amikuzeko mediatekan lanak burutu dituztenez geroztik, lekurik gabe gelditu da Zabalik elkartea. Manex Erdozaintzi Etxarten obrak bertatik kendu behar izan ditu. Geroztik, kartoietan gordeak dira Euskal Elkargoarena den eraikin batean. Amikuzeko eskualdea aterabide bat atzemateko lanean ari da.

Badira hamabi urte Zabalik Amikuzeko mediatekan presente dagoela.
Badira hamabi urte Zabalik Amikuzeko mediatekan presente dagoela.

Zabalik kultur elkartearen esku dauden Manex Erdozaintzi Etxart idazle euskaldunaren obrak ez daude gehiago Amikuzeko mediatekan. Martxoan guneak ateak hetsi behar izan zituen obrak burutzeko. Elkarteak bertan zeuzkan artxiboak gelatik kendu behar izan zituen. Apirilean, liburutegia berriz ideki zutenean, sala liburuzainen eginkizunei bideratzea erabaki dute.

"Mediatekaren funtzionamendu egokiarentzat, sala berreskuratzea beharrezkoa zen. Hasieratik aurreikusia zen zerbait da", azaldu du Erik Narbaitz-Jauregi Amikuzeko lurralde poloko arduraduna. Badira hamabi urte Zabalik elkartea liburutegian presente dagoela. Artxibo zein obrak bertan gordetzeaz gain, animazioak eta publikoaren harrera antolatzen zuen.

"Hitz eman digute, joan aitzin leku bat atzemanen zigutela. Ez ditugu erabakiaren arrazoiak ezagutzen", aipatu du Jean-Michel Pouchulu elkarteko lehendakariak. Gunetik atera direnez geroztik, Manex Erdozaintzi Etxarten 4.500 liburu kartoietan gordeak dira Euskal Elkargoarena den eraikin batean. "Leku hotza da eta hezetasuna dago. Ez da egokia artxiboak gordetzeko", erantsi du.

Erantzunik ez

Eric Narbaitz-Jauregiren erranetan, Amikuzeko poloa lanean ari da aterabide bat atzemateko. Haatik, soluzio hori ez dela mediatekan kokatuko nabarmendu du. Izurako herria elkartea eta bere edukiak aterpetzeko prest agertu da. "Baina, elkarteak ez du nahi. Donapaleun egon nahi du", jakinarazi du lurralde poloko arduradunak. Hain zuzen, Zabaliken aburuz, Manex Erdozaintzi Etxartek egindako lana "ez da aski ezaguna". Hori dela eta, "merezi luke Donapaleun kokatzea".

Narbaitz-Jauregik Amikuzeko herriei elkartea errezibitzeko deia luzatu die. Mementoz, ez du erantzunik jaso. Ahalik eta azkarren, konponbide bat lortzeko helburuz, Filgi Claverie Euskal Elkargoko partaidetza kulturalen zuzendariari bilkura bat galdegin dio erakundeak.