Kazeta

Bake prozesuari “mesede” eginen dion keinua

Euskal Herriko eragile politiko eta sozial gehienek baikorki jaso dute ETAren azken agiria. Euskal Herriko bake prozesuarentzat baliagarria izanen dela uste dute. Biktimen elkarteek, aldiz, adierazpena gaitzetsi eta erakundeak "biktimak banatu" dituela diote.

Txetx Etcheverry, armategien informazioa Matteo Zuppiri ematen.
Txetx Etcheverry, armategien informazioa Matteo Zuppiri ematen.

Vincent Bru diputatua: "Bake prozesuan eragin baikorra izanen du"

"Agiria oso interesgarria iruditu zait. Nire ustez, baliagarria izanen da bake prozesua aitzinarazteko. ETAk, bere desegitearen berri eman baino lehen, barkamenak eskatu dizkie biktimei. Nire iritziz, tolerantzia erakutsi du. Beharrezkoa zen, gizarteak itxoiten zuen. Agirian erraten duen bezala, beste zerbaitera pasatu behar gara. Etorkizuna eraiki behar da, norberak bere sinesmenak atxikiz".

Txetx Etcheverry bakearen artisaua: "Berriz ere, alde bakarreko urratsa da"

"Urrats bat gehiago dela uste dugu. Oso garrantzitsua izaten ari dena, batez ere kontutan hartuz izan duen oihartzuna. Mezuak jaso ditut, txoko anitzetatik: Korsika, Frantzia, Hego Euskal Herria, Espainia. Keinua txalotu duten pertsonak dira. Bake prozesuari mesede egingo dion keinu indartsua da. Haatik, berriz ere, alde bakarreko urratsa da. Gaur egungo testuinguru zailean, Estatu espainiarrak ez dizkio ekarpenik egiten bake prozesuari. Alderantziz, tentsioaren estrategia bizirik mantentzen du, Altsasuko gazteen kontrako auziak islatzen duen bezala.

Estatuei galdegin behar diegu dinamika horrekin bat egitea. Estatu frantsesak keinu adierazgarriak egin ditu, zentzu onean doazenak, baina urrunago eta fiteago joan behar da. Estatu espainiarrak tentsio giro hori eta iraganeko logikak alde batera utzi behar ditu. Elkarbizitza eta bakearen eraikuntzaren logikan sartu behar da".

Serge Portelli Versailleseko Dei Gorteko epaileak "emozio" handiz jaso du ETAren agiria. "Justua eta indartsua" iruditu zaio. Bere aburuz, historiari eta anitzen engaiamenduari zentzua ematen dio agiriak. Bide berri bat hastear gaudela dio eta ibilbide horretan ahots ezberdinen arteko historia idatzi beharko dela uste du. Horretarako, egiaren batzordeen ildotik, hitz egiteko espazio baten sorrera beharrezkoa iruditu zaio. Estatuen ihardokipenei dagokienez, argi dauka: "Justizia frantses eta espainiarrak ezingo diote muzin egin bilakaera honi".

Hego Euskal Herrian ere agiriari buruzko irakurketak plazaratu dituzte eragile politiko zein sozialek. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria den Iñigo Urkulluk ETAri galdegin dio "biktima guztiak" har ditzala kontuan. "Gaurkoa desegiterako urrats bat da, eta hura heltzen den artean, ETAk edo haren komunikatua idazten dutenek aukera dute azken adierazpen horretan biktima guztiak aintzat hartzeko eta haien ekintzek eragindako mina aitortzeko", azaldu du presidenteak.

EH Bilduko mahai politikoak ez ohiko bilkura antolatu du agiria aztertzeko. Ondotik, Arnaldo Otegik prentsaren aitzinean hitza hartzeko eta agiria "historikotzat" jotzeko. Ematen den testuingurua eta edukia bera azpimarratu ditu. Bere aburuz, agiria "eraikitzailea" da eta ekarpen handia egiten du.

Gobernua eta biktimak

Estatu Espainiarreko Gobernuak baikorki jaso du ETAren adierazpena. "Zintzoki eta baldintzarik gabe", aspaldi barkamenak eskatu behar zituela dio PPko Gobernuak. "Ongi dago ETAk biktimei barkamena eskatzea, biktimak, haien memoria eta haien duintasuna erabakigarriak izan direlako ETAren porrotean", erantsi du.

Biktimek ere bere iritzia plazaratu dute. AVT biktimen elkarteak ETAren agiria gaitzetsi du. Autokritikarik egiten ez duela uste du erakundeak. "Bere jardun terrorista justifikatu du beste behin". Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakariaren aburuz, agiria "ETAren porrotaren fruitua" da. Egin duen keinuaz gain, "justiziarekin parte hartu behar duela" uste du. Gisa berean, Consuelo Ordoñez, biktima elkarteko presidenteak "argitu gabe dauden hilketak argitzen lagundu eta hiltzaileak goratzeari utzi" behar direla pentsatzen du. Bere iritziz, "biktimak banatu" ditu eta barkamen "selektiboa" egin duela dio.