Iurre BIDEGAIN

Atxiki, erreformei aurre egiteko

Zerbitzu publikoaren defentsan eta Emmanuel Macron lehendakariaren erreformen kontra, 1.500 pertsona inguru bildu dira Angelun apirilaren 19an. Zerbitzu publiko zein pribatuko langileek, baita erretretadunek ere, beren aldarrikapenak entzunarazi dituzte.

Zerbitzu publikoen defentsa aldarrikatu dute Angelun. ©Isabelle Miquelestorena
Zerbitzu publikoen defentsa aldarrikatu dute Angelun. ©Isabelle Miquelestorena

LAB, CGT eta Sud Solidaires sindikatuen deialdiari erantzunez, 1.500 pertsona batu dira ostegun honetan iragan den manifestazioan. Aldi honetan, Angelu hautatu dute beren aldarrikapenak entzunarazteko. Lanbide anitzetako langileek beren indarrak batu dituzte pribatizazioaren kontra eta zerbitzu publikoen alde.

Hiru funtzionariok eta ikasle batek manifestazioari bidea ideki diote. Goizeko 10.00ak aldera Castorama saltokiko biribilgunetik abiatu da manifestazioa. Aldi honetan, Baiona erdigunetik ez pasatzea erabaki dute antolatzaileek. Angeluko eremu horretan Carrefour bezalako komertzio guneak kokatuak dira. Manifestariek gaur egungo gizartean "etekinak gaizki banatzen direla" diote. "Carrefourrek irabaziak bakarrik akziodunei bideratzen dizkie", deitoratu du Peio Dufau CGTko sindikalistak protesta hasi baino lehen. Bere aburuz, problematika hori ere trenbideen arlora hedatu daiteke.

Zerbitzu publikoaren okertzea

Giro alaitsua nagusitu da manifestazioan zehar. Carrefourrera ailegatzean, parte hartzaileek barnera sartzea erabaki dute. Bertan, manifestariek langileen eskubideen defentsa exijitu dute. "Carrefourrek milaka lanpostu murriztu ditu. Langileak hobe tratatu behar dituzue eta beren soldata igo behar duzue, diru guztia akziodunei eman ordez", adierazi du Dufauk segurtasuneko langileek magasineko sarbidea oztopatzen zieten bitartean.

Erretretadunek, Géant Casino saltokiko langileek, abokatuek, funtzionarioek… denek manifestazioan parte hartzea erabaki dute zerbitzu publikoen okertzea salatzeko. Tren gidariak ere bertan ziren eta mobilizazioekin bat egiteko deia zabaldu diote jendarteari.

"Erreforma bat aldarrikatzen dugu, baina horrek erabiltzaile eta langileen beharrak kontutan hartu behar ditu. Ekonomiaren liberalizazioa ezin daiteke arazoen aterabidea izan", azpimarratu du Sébaztian Jelez trenbideetako langilea.