Kronika
 
Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege

Manex Lafitte kortsarioaren bizia gogora ekarri du Joseba Aurkenerena idazleak. Bere jatorria berrikusteaz gain, bere azken urteak nola iragan ziren azaldu du.

Joseba AURKENERENA|2018/04/17 07:55|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Joseba Aurkenerena iruditan.

XVIII. mendeko kortsario hau biziki ospetsua izan zen bere garaian, bai itsasgizon lapurtarren artean eta baita Ameriketan ere. Ainitzetan pirata gisa aritu bazen ere, gehienetan kortso patenteak ematen zion babesarekin aritu zen. Itsas-lapurreriaz aritzeaz gain, Manex eta Piarres anaia esklabo-trafikoan, kontrabandoan eta merkataritzan ere ibili ziren, alor guztietatik irabazpide ederrak eginez. Lehena izan da, batez ere, historiara pasatu dena eta bigarrena, anaiaren itzalpean gelditu dena.


1.- Lafitte anaien jatorria eta lehen ibilerak.-

    Lafitte anaien jaiolekuari buruz ez da inon inolako agiririk topatu. Badirudi garai hartan, halako negozio zikinetan ibiltzen zirenen artean, oso ohikoa zela sorlekua ezkutatzea. Euskaldunak edota euskaldunen ondorengoak zirela garbi egon da beti, beraiek ez baitzuten nehoiz ukatu. Garaiko kronista gehienek Baiona edo Baionaren ingurukoak zirela aipatu zuten. Dena den, Luis-Jean Calvet idazle frantsesa ikertzen ibili zen 1998an plazaratu zuen Barataria izeneko eleberrirako eta Lapurdiko kostaldean, herrietako artxiboak arakatzen ibili ondoren, Biarritzekoan, 1783ko urriaren 6an, izen-deitura horiekin sortutako bi anaien agiria topatu zuen. Gurasoak Laurentx Lafitte eta Maria Dagerre zirelarik. Aita Kandela etxekoa zen eta lanbidez ontzi kapitaina. Badirudi, gerora, Manex Christiana Levine danimarkarrarekin ezkondu zela.  Orduz geroztik, hauek dira ikerlari gehienek ontzat eman dituzten datu biografikoak.

    Hamabost urte zituela itsasoratu omen zen lehen aldiz Antilletan ibiltzen zen itsasontzi kortsario batean. Eta momentu horretatik hil zen arte, itsasoarekin loturiko negozioetan ibili zen. Ausarta eta arras bizkorra zelakoan, berehala ontzi kapitain izendatu zuten. Garai hartan, Ameriketako koloniak askapen prozesuan eta Europako metropolien aurkako borrokan zebiltzan. Espainiak, Frantziak eta Ingalaterrak ez zituzten haien inperioak galdu nahi, eta azken momentura arte borrokan aritu ziren amerikar matxinoen aurka. Beraien arteko borrokaldiak ere, etengabeak izan ziren, interes kontrajarriak defendatzen baitzituzten. Lafitte anaiek gaur Kolonbia deitzen dugun Cartagenako Errepublikaren alde egin zuten, espainiarren interesen aurka. Horrek nolabaiteko legitimitatea eman zien espainiar itsasontziak erasotzeko eta arpilatzeko.

Horrela ebatsitako ondasunak, New Orleans portura eramaten zituzten. Hiri hau Lousianako hiriburua zen, eta garai hartan, oraindik frantses kolonia zen. Hiri hau arras aberasturik zegoen Afrikatik eramandako esklaboen trafikoarekin. Horretaz gain, kalitate handiko ardoak eta likoreak, espezieak, azukrea eta abar ekoizten eta saltzen zituzten. Hantxe bizi izan ziren Lafitte anaiak, jaun eta lur jabe aberats gisa. Goi mailako gizartean zebiltzan arren, ezkutuan negozio zikinetan aritzen ziren, kontrabandoan, esklaboen trafikoan eta piraterian, gehien bat.


2.- Manex Lafitte, Baratariako errege.-

    1803an, Napoleonek Lousina Estatu Batuei saldu zien eta 1804an Haitik independentzia eskuratu zuen. Lousianan kalapita eta liskar handiak izan ziren frantses eta britainiar jatorrikoen artean. 1807an, amerikarrek esklabotzaren aurkako legeak ezarri zituzten, egoera oraindik gehiago korapilatuz. Lafitte anaiak hortxe ibili ziren, ageriko oreka bat mantendu nahian,  alde batetik New Orleans-eko gizartean zuten ospea eta izen ona atxikiz eta bestaldetik, ezkutuan,  kontrabando eta negozio ilunetan arituz. Horretarako, Misisipi ibaiaren bokale zabalean, leku apropos bat bilatu zuten merkantziak eta esklaboak lehorreratzeko. Orduz geroztik Barataria izeneko uhartean aritu ziren horrelako lanetan. Baratarian lehorreratzen zituztenak, txalupa eta ontzi txipiagoetan, New Orleans hirira garraiatzen zituzten gero, inolako arazorik gabe. Batetik bestera 75 kilometro ziren.

    Lousianako gobernadorea, denon ahotan zebiltzan negozio zikin horiek oztopatu nahian ibili bazen ere, New Orleansko hiritarrek ez zioten inoiz bat ere lagundu, eta Lafitte anaiek jarraitu ahal izan zuten Baratariatik esklaboak eta kontrabandoa hirira sartzen. Behin, gobernadoreak 500 dolar eskaini zituen Manex Lafitteren buruaren truke. Hori ikusi zuelarik, lapurtarrak 1.500 dolar eskaini zituen gobernadorearen buruagatik. Baratarian era guztietako jaiak eta ekitaldiak antolatzen zituzten eta Manex zen hango agintari bakarra, haren zerbitzura mila pirata inguru zituelarik. Manex, behin baino gehiagotan, Baratariako errepublikaz mintzatu zen. Hogeita bi urte zituen orduan.




3.- Ingeles eta amerikarren arteko gerla.-

    Ingelesak luzaz ibili ziren matxino amerikarren independentzia zapuztu nahian. Horretarako blokeo komertziala agindu zuten hamahiru kolonia zaharren kostaldeetan. Blokeo gogorra izan zen, esklaboen komertzioa erabat eten zuena. Hor Lafitte anaiek jakin zuten bi aldeetan ibiltzen, eta alde batekoekin zein bestekoekin harremanak izaten. Ingelesak Lafitte anaien laguntza lortzen saiatu ziren, eta hori jakinki, amerikarrek Piarres anaia hartu zuten preso. Orduan, Manex mintzatu zen batzuekin eta besteekin, eta bi aldekoei hitz onak emanez, anaia askatzea lortu zuen, edo hobeto esanda, norbaitek ireki zion espetxeko atea ihes egin zezan. Dena den, amerikarrak ez ziren pozik gelditu, Manexek ez baitzuen ezkutuko akordioa bete, eta 1814ko irailaren13an, itsasontzi bat igorri zuten Barataria irlara. Dena suntsitu zuten arren, bertan ez zuten Manex aurkitu.

    Geroxeago, kortsario lapurtarrak Andrew Jackson jeneral amerikarrarekin akordio bat izenpetu zuen. Ingelesek New Orleans hesitua zutenez gero, Manex Lafitte eta bere gizonek parte hartu behar zuten hiriaren defentsan. Horren ordain gisa barkamena eskaini zien. Gogoaren kontra izan bazen ere, Lafittek tratua onartu behar izan zuen. Bere gizonetako asko marinel gisa aritu ziren eta gainerakoekin artilleriako hiru konpainia eratu zituzten.  1814ko abenduaren 28an, ingeles armada handia Misisipiren badian lehorreratu zen, hiria erabat hesituz. Hiria defendatzen zutenak baino gehiago ziren arren, Manex Lafittek eta bere gizonek inguru haiek xehetasun handiz ezagutzen zituzten, eta horri esker, britainiar armada garaitu ahal izan zuten. 1815ean britainiarrek hiriaren setioa altxatu zuten eta amerikarrek Manex Lafitte eta bere gizonak “aberriaren heroitzat” hartu zituzten. Hori dela eta, 1815eko otsailaren 6an, amerikarrek erabateko barkamena eman zieten.


4.- Galveston uhartean.-

    Manexek ongi jakin zuen egoera berriaz baliatzen. Baratariako uhartearen inguruko trafikoa erabat suntsituta, Lousianaren mugan, Texasen barruan zen Galveston uhartean finkatu zuen bere errepublika berria. Garai hartan, Mexikoko matxinoak independentzia atzeman nahian zebiltzan, espainiarrekin etengabeko liskar eta gatazketan. Manex Lafittek, beti bezala, eta abilezia handiaz, bi aldekoekin jokatu zuen. Alde batetik, Espainiaren alde zegoela zirudien, bestaldetik erreboltari mexikotarren alde jokatzen zuela zabaldu zen. Amerikarrak ere Texas kontrolatu nahian zebiltzan, eta haien ustez, Lafitte, amerikar abertzale handia izanki, haien alde zegoen Texas bereganatzeko asmoetan. Joko hirukoitza honetatik diru eta aberastasun franko lortu zuen. Amerikarrek legez esklabotza debekatzen bazuten ere, eroarena egiten zuten hainbat kasutan, eta horretaz ederki baliatzen jakin zuen kortsario miarriztarrak. Azkenean, denak konturatu ziren lapurtarraren jokoaz eta bai espainiarrek eta bai amerikarrek uhartea hartzeko eta Lafitteren negozioekin bukatzeko nahia erakutsi zuten, behin baino gehiagotan.

    1818ko irailean, urakan batek irla jo zuen, Lafitteren eraikinak izugarri kaltetuz. 1821ean, Lafitteren gizon batzuek, kortsarioaren baimenik gabe, amerikar itsasontzi bat eraso eta arpilatu zuten. Erantzuna berehala iritsi zen. Goleta amerikar bat joan zen uhartera, eta Lafitterekin irlatik borrokatu gabe ateratzea hitzartu ondoren, kortsarioaren eraikin guztiak birrindu zituzten.


5.- Manex Lafitteren azken urteak.-

    Galvenstonetik alde egin eta gero, Manex Lafitteren jarduerei buruzko datu zehatzak galtzen dira. Egia erraiteko, datuak baino gehiago, zurrumurruak edota erdizkako albisteak dira. Badirudi Antilletan jarraitu zuela itsas-lapurreria egiten, Kuban, Haitin, Yukatanen, Floridan, Kolonbian…  Sortu berriak ziren errepubliketako gobernuekin liskar handiak izan omen zituen, eta batzuetan preso hartu zutela dirudi. Dena den, aldeko asko zituela eta, beti libre utzi zuten gero.

    Zabaldu denez, altxor handia zuen eta nonbait ezkutatu omen zuen. Hori dela eta, urte luzez, ainitz izan dira Lafitteren altxorraren bila ibili diren abenturazaleak. Baina non bizi izan zen azken urteetan? Batzuek Baratariara itzuli zela diote, besteek ezizen batez ezkutaturik eta aberats, Europan agian,  bizi izan zela defendatzen dute. Badira ere, itsas ekaitz baten zirimolan galdu zela diotenak. Mexikon, Yukatan aldean, Dzilam de Bravo izeneko herrian bada hilobi bat eta bertako harlauzan jartzen duenez bertan da Alafita izeneko gizona ehortzirik. Askok pentsatzen dutenez, Alafita hori Lafitteren aldaera izan daiteke. Modu batean edo bestean, gauza da, hortxe galtzen dela kortsario lapurtarraren arrastoa.