Iurre BIDEGAIN

Nafarroaren Eguna, aberatsa eta anitzago

Berrogei urte beteko ditu aurten Nafarroaren Egunak. Apirilaren 30ean Baigorrin iraganen den ekimenaren programazioa aberatsagoa eta anitzagoa izanen da. Igandeko ospakizunaz gain, hainbat kultur ekimen prestatu ditu Basaizea elkarteak. Horien artean, apirilaren 28an iraganen den Bestofaldia.

Berrogei urte beteko ditu aurten Nafarroaren Egunak. ©Basaizea
Berrogei urte beteko ditu aurten Nafarroaren Egunak. ©Basaizea

Adin zein gustu guztiak asetzeko xedez, programa aberatsa eta anitzagoa proposatuko du aurtengo Nafarroaren Egunak. Kontzertuak goizago hasiko dira eta egunean zehar karrikako animazioa indartuko dute antolatzaileek. Berrogei urtebetetzearen karietara, apirilaren 30eko ospakizuna baino lehen hainbat hitzordu proposatuko ditu Basaizea elkarteak.

Urte berezia, proposamen bereziagoa. Urtero berrikuntzekin josia dator Baigorrin ospatzen den Nafarroaren eguna. Aurten, ordea, formula bera atxikiko dute, baina antolatzen denari indar gehiago emanen diote. Goizeko programazioa ildo beretik joanen da, baina arratsaldean herriko plazako giroa goizago berotuko da.

Atsedenaldirik ez da izanen arratsaldean. 13.30etan abiatu eta gorputzak iraunen duen arte, animazioak proposatuko ditu elkarteak. "Jende guztiak maite duena atzematea dugu helburu", aipatu du Amaia Castorene Basaizeako kideak. Hala izanen da, zalantzarik gabe. Azken Trena
Kiki Bordatxo, Zezenaren Taldea, Tximberos, Kuartz eta Anita Parker taula gainera igoko dira beren estilo anitzez gozatzeko parada eskaintzeko.

Altsasuko gazteak gogoan

Iaz Nafarroaren Egunaren karietara, Tafallarekin senidetzea burutu zuen Baigorrik. Aurten, Altsasuko herriari elkartasuna adieraziko diote ekimenean. Badira asteak babes hori helarazten ari dela Baxe Nafarroako herria. Apirilaren 16tik aitzina epaituko dituzten gazteen burasoek antolaturiko bira Baigorrira heldu zen ere.

Nafarroaren Egunean parte hartzeko gonbita luzatu diiete altsasuarrei. Gainera, Castorenek azaldu duenez, egunean bertan informazio puntu bat eskainiko dute kasuari buruzko informazioa azaltzeko. Halaber, zortzi gazteren askatasuna aldarrikatzen duen banderolak ikusi ahal izanen dira hainbat txokotan.

Aitzineko edizioetan bezala, Basaizea elkarteak eraso sexisten kontrako lan berezi bat burutuko du. Elkarteko kideek formakuntza feminista bat jasotzeaz gain, protokolo berezi bat martxan jarriko da igandean. "Erakutsi nahi dugu ere, keinu txikietan ere eraso sexistak agertu daitezkeela", gehitu du.

Antzerki eta kontzertu

Nafarroako egunaren bezperan egin ohi den bezala, aurten azken aldiz Bestofaldia antolatuko dute elizan. Gisa horretako azken musikaldia izanen dela diote antolatzaileek. Azken hamar urteetako memento onenak bilduko dituzte, hots, errepertorio ezberdinetatik kantu gustukoenak hautatuko dituzte. Horretarako, Natxo de Felipe, Eñaut Elorrieta eta Niko Etxartek parte hartuko dute, besteak beste. "Formula berriz pentsatu behar dugu. Ez da izanen norbaiten errepertorioa hartu eta berriz moldatu, azken edizioetan egin den bezala. Beste zerbait proposatu nahiko genuke. Zer? ez dakigu oraindik", jakinarazi du kideak.

Lehenago, beste bi ekimen kultural proposatuko ditu Basaizeak. Alde batetik, "Zazpi senideko" antzezlana antolatu du apirilaren 15erako 18.00etan Bil Etxean. Bestalde, Jazz’in college kantaldian parte hartuko dute mugaz gaindiko gazte zein kantariek apirilaren 21ean 21.00 elizan.