Estatua berriz euskoaren kontra agertu da

Pirineo-Atlantikoetako prefetak Paueko auzitegiaren kontrako helegite bat aurkeztu du. Bordeleko auzitegiak aztertuko du orain Baionako Herriko Etxea eta Euskal Moneta elkartearen arteko hitzarmena.

KAZETA|2018/04/16 14:30|0 iruzkin
Eusko
Herri Elkargoa auzitegien erabakien zai dago Euskal Monetarekin hitzarmena izenpetzea aztertu baino lehen. © Gaizka IROZ

Euskal Moneta elkarteko kideak Herri Elkargoko ordezkariei zuzendu zaizkie, apirilak 14 honetan, Baionan. Informatu nahi izan dituzte gaur egungo euskal monetaren erronkei buruz, bere sendotzearen helburuarekin. Estatuak helegitea aurkeztu du Paueko auzitegi administratiboak martxoaren 29an hartu zuen erabakiaren kontra, Baionako herria hunkitzen duen aferan.

Paueko Auzitegi Administratiboko epaileak Baionako Herriak eta Euskoa sustatzen duen elkarteak izenpetu zuten  hitzarmenaren legalitatea baieztatu zuen. Hitzarmenak ordainketak euskotan egitea ahalbidetzen du boluntario diren hautetsiei, elkarteei eta enpresei. Hala ere Estatuak begi txarrez ikusten jarraitzen du erabakia. "Euskoa trantsizio ekologikoaren alde eta bertokiratzearen alde den etorkizun handiko proiektu bat da eta gobernuak oztopatu nahi du, Paueko Auzitegiko erabakiaren ondotik kontrarioa espero zelarik", aldarrikatu du elkarteko lehendakariak, Xebax Christy-k.

Prozedurak Bordeleko helegite auzitegi administratiboan segituko du, eta auzia maiatzaren 2an izanen da, arratsaldeko bietan. Estatuak lehen errekurtso bat aurkeztu zuen herriko kontseiluak 2017ko uztailaren 19an bozkaturiko deliberalizazioaren kontra, Paueko auzitegi administratiboak ukatu zuena. Bigarren errekurtsoak erantzun berdina jaso zuen joan den martxoan.

Jean-René Etchegaray, Baionako auzapeza penatzen da, Ipar Euskal Herrian bultzaturiko dinamikak jasotzen duen Estatuaren kontsiderazio ezaz. Martxoaren 29an publikatua izan zen erabakia baliatzen du izenpetu duen hitzarmenaren zuzentasuna justifikatzeko.

Larunbatean, Euskal Moneta elkarteak aldarrikatu zuen hautetsian sostenguaren beharra duela eta gomitatu ditu izenpetzera "Inobazioaren Deia" eta haien herrian ere moneta zabaltzea. Momentuz, bederatzi herrik* parte hartzen dute.

* Hendaia, Uztaritze, Baiona, Bastida, Hazparne, Aiherra, Izura-Azme, Sara.