Lapurdi kostalde osoan zabaldu da askatasun eskaera

Bostehun bat lagunek hartu dute parte Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion eta Kepa Paroten askatasuna eskatzeko Ipar Euskal Herriko hamar tokitan egin diren elkarretaratzeetan. Antolatzaileen arabera, 250 panel pausatu dira errepide bazterretan eta beste 250 afixa jarri dituzte errepide ertzetako zutoinetan.

Haritz LARRAÑAGA|2018/04/14 16:09|0 iruzkin
Guz_etxerat_elkarretaratzea_saint-leon_itzulgunea_baiona_imiquelestorena03
Baionako San Leon biribilgunean elgarretaratu dira, besteak beste, manifestariak. © Isabelle MIQUELESTORENA

Kartzelan 29 urte beteko dituzten Xistor Haranburu, Jakes Esnal, zein Ion eta Kepa Paroten askatasuna eskatzeko aldarriak Baiona eta Donibane Lohizune artean diren hamar biribilgune eta bidegurutze nagusiak hartu ditu goizeko hamaiketatik hasi eta eguerdia bitartean. Gaur ez zen mobilizazio honen berri izan ez duenik Lapurdiko kostaldean, milaka auto gidari eta oinezkok ikusi baititu bideetan ziren panelak eta multzotan pilatuta ziren manifestariak.

Jarraipen desberdina izan du Bagoaz kolektiboak egindako deialdiak, biribilgune batzuetan jende andana zegoen eta beste batzuetan gutxiago, baina edonon ikus zitezkeen dosar berde fosforeszentea soinean, kartelak atxikitzen zituzten lagun multzoak edo bideetako toki estrategikoetan pankartak jartzen ari ziren lagunak.

Antolatzaileek emandako datuen arabera, orotara 500 lagunek hartu dute parte, 250 panel itsatsi dira bidean eta Esnal, Haramburu eta Parot anaien beste 250 argazki jarri dituzte bide ertzetako zutoinetan. Emilie Martin, Bagoazeko bozeramaileak ekimena balorazio "oso positiboa" egin du, bere hitzetan, "parte hartze zabal honek presoen egoera desblokeatzeko nahia badagoela frogatzen" duelako.

Heldu den mobilizazio handia ekainaren 16an izanen da Baionan. "Presoak etxera izango da lema nagusia, zeren hurbilketa batzuk izan dira, eta hori gauza ona da, baina Haramburu, Esnal eta Parot anaiak, zein haien kasuan bezala legedia aplikatuta kalean egon daitezkeenak, lehenbailehen kaleratu behar direla uste dugu", argitu du Bagoazeko bozeramaileak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK