Peio DUFAU
SNCFeko langilea eta CGTko sindikalista

SNCFeko langileak "mobilizazio historikoa" burutzen ari dira apirilaren 3az geroztik. Hogeita hamasei eguneko grebak iragarri dituzte Gobernuaren aldaketei aurre egiteko. Ipar Euskal Herrian lorturiko babes zabala nabarmendu du CGT sindikatuko Peio Dufauk.

 

P. Dufau: "Helburua irabaztea da eta dena eginen dugu irabazteko"
Iurre BIDEGAIN|2018/04/13 07:40|0 iruzkin
Ber_greba_burdinbide_cheminots_sncf_miarritze_imiquelestorena25
Tren gidariek beren ezadostasuna erakutsi zuten apirilaren 9an Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Zatiketak gelditu behar dira zerbitzu on bat eskaintzeko

Jendartea ez da ohartzen zerbitzu publiko guztiak urratu nahi dituela Gobernuak

Sostengua garrantzitsua da, baina ez dugu bakarrik irabaziko

Apirilaren 3az geroztik mobilizatuak zaudete. Zein da protesten zergatia?

Printzipioa aski erraza da. Arazoak badira SNCFen eta aspalditik salatzen ditugu. Harrigarria dena da Gobernuak salatzen duela gaur egungo SNCFen egoera, jakinez Gobernua eta Guillaume Pepy SNCFeko buruak ordenak ematen dituztela. Ordena horiek direla eta, enpresa egoera txarrean dago.

Aterabide gisa, neurriak proposatu dituzte. Haien proposamenak orain arte segituak izan dira. Hala nola, duela hiru urte SNCFeko erreforma burutu zuten. Azkenean, arazoa berdina da eta eraginak langileek pairatzen dituzte. Lan baldintzak geroz eta txarragoak dira.

Zein dira Gobernuaren proposamenak?

Gobernuak SNCF enpresa konkurrentziari ireki nahi dio eta horrekin ez gara batere ados. Bestalde, gure enpresaren estatutua kendu nahi du eta sozietate anonimo bat bilakatu nahi du.

Zorrari dagokionez, guk dioguna da zorra Estatuak bere gain hartu behar duela. Estatuak sortu zuen zorraren parte handiena abiadura handiko trenak manatuz eta sekulan diruztatuz. Zorra enpresarena bilakatu da, baina Estatuaren zorra dela erraten da.

Gainera, trenbide txikiak hetsi nahi zituzten hasieran. Nahiz eta gaur egun erraten duten ez dituztela hetsiko, eskualdaketa bat gauzatuko da. Akitania Berriak bere gain hartu beharko ditu.
Ardura eskualdatzen da, baina dirurik ez da bideratzen horietaz okupatzeko. Azkenean, trenbide txiki horiek hetsiko dituzte.

Zeintzuk dira SNCFeko langileen eskaerak proposamen horiei aurre egiteko?

Diru zorra hori Estatuarengan gelditzea eskatzen dugu. Ez du tren zerbitzuen esku uzten ahal. Zorra konpontzen ez badu, sistema bera ezingo da martxan jarri behar den bezala.

Diruztatzeko proposamenak egin ditugu. 'Eco zerga', Frantzian bozkatu zena, plantan ezartzea galdegiten dugu eta kamioiei inposatzea, Gipuzkoan egiten den bezala. Dirua garraio garbien alde bideratzen ahalko litzateke.

Frantzian autopistek sekulako dirua irabazten zuten. Kudeaketa hori publikoa zen eta pribatizatu zuten. Eskatzen duguna da gibel egitea eta diru horrekin, merkantziak zein jendartea mugitzeko tresna ekologikoak diruztatzea.

Halaber, barne antolaketa berriz ikustea nahi dugu. Tren batzuk ez dira ibiltzen gidari eskasarengatik. Merkantzien trenetako langileak lanik gabe daude, batzuetan. Baina ez dute gehiago baimenik jendeen trenak gidatzeko. Horrelako zatiketak gelditu behar dira zerbitzu on bat eskaintzeko.

Lau eguneko greba mugimendua burutu duzue jada, nolako bilana egiten duzue?

Sekulako babesa lortu dugu. Alde batetik, enpresaren barnean sekulan ikusi gabeko mugimendua dago. Ipar Euskal Herrian lehenengo bi egunetan ez da tren bat ere ibili. Hirugarren blokeo egunean, joan etorri bat izan zen. Horren egiteko, hemengo tren gidariak %100a greban zeudenez, gidariak Paristik taxiz bidali zituzten.

Kanpotik ere izugarrizko sostengua jasotzen ari gara. Eskuin eta ezker kutxak irekitzen ari dira. Horrekin ere pozik gara. Ez da sekulan horrelako mugimendu bat ikusi. Gure ustez jendartea ez da ohartzen zerbitzu publiko guztiak urratu nahi dituela Gobernuak. Bere politika anti-soziala da.

Jendartea arazoez ohartzen ari da, baina ez da gai borrokatzeko. Egia da gure borrokarekiko sostengu aski zabal bat eraikitzen ari da. Sostengua garrantzitsua da, baina ez dugu bakarrik irabaziko. Mementoz ez gara greba iraunkorrean sartu, besteei ere gurekin bat egiteko denbora utzi nahi genielako.

Apirilaren 13 eta 14rako ere mobilizazioak iragarri dituzue.

Manifestazioak antolatu ditugu ostiralerako Hendaian eta larunbaterako Baionan. Egunez egun  enpresaren barnean langileen arteko bilkurak prestatzen ditugu. Mobilizazioa historikoa da eta hori mantentzeko lan egin behar dugu, argi da. Helburua irabaztea da eta dena eginen dugu irabazteko.