Bi ginear adingabe babestuko dituen erabakiko du Paueko epaitegiak

Bi gazte ginearren auziari buruzko deliberoa ezagutaraziko du apirilaren 13an Paueko epaitegiak. Baldintzapean aske utzi zituztenez geroztik, Cimade elkarteko lehendakariaren etxean aterpetuak daude.

Haritz LARRAÑAGA|2018/04/13 11:00|0 iruzkin
Guz_tribunal_guineen_bobedme101
Adingabeak diren etorkinen egoera salatu dute Baionako auzitegiaren aitzinean. © Bob Edme

Agiri faltsuak izatea egotzita Baionako espetxean bi aste egin zituzten bi gazte ginearrek bi epaiketa dituzte. Batetik, egiaz adingabeak direla frogatzeko abian den epaiketa dago; bestetik, hori egin bitartean adin txikikoak aterpetzen dituen programa batean onartuak izateko eskubiderik ba ote duten erabakitzeko beste epaiketa bat. Bigarren auzi hori aztertu zuten apirilaren 12an Paueko epaitegian eta gaur emango dute erabakiaren berri, Garako artikuluak azaldu duenez.

Epaituei babesa erakusteko Pauen izan zen Amaia Fontang, Etorkinekin elkarteko kidearen iritziz, "gazte etorkinak kriminalizatzeko joera dago, zeren adin txikikoak ez direla esan eta haien paperak faltsuak direla esaten dute", eta bereziki, "Pirinio Atlantikoetako departamenduak adin txikikoekin duen jarrera txarra" salatu zuen. "Babestu ordez, kriminalizatu egiten ditu, zeren etorkina izan edo ez, departamenduaren erantzukizuna da adingabeak babestea", denuntziatu zuen.

Cimadeko kide baten etxean

Baionako espetxean sartu zituzten bi gazte ginearrak, "agiri faltsuak" izatea egotzita. Bi asteren buruan, martxoaren 9an, baldintzapean askatzeko aukera zabaldu zuen epaileak, baina ezarri zien baldintzetako bat helbide finko bat izatea zen.

Epaileak uko egin zion Estatu frantsesean adingabeak babestu eta aterpea emateko antolatua den ASE programan onartzeari, eta beraz, bi gazteak kale gorrian geratu zirenez, etorkinen eskubideen defentsan lan egiten duen Cimade elkarteko lehendakari den Alex Cadik hartu zituen bere etxean, eta ordutik han egon dira.

Gero eta "ilegal" gehiago

Etorkinen artean errealitate desberdinak direla azaldu zuen Fontangek, horrela, babes eskaera bat egiten duten momentutik erantzuna jaso bitartean etorkinak legalak direla argitu zuen eta baita errefuxiatu estatusa edo egonaldi karta onartu zaien pertsonak ere.

Bestalde, legez kanpoko egoeran direnak gero eta gehiago direla nabarmendu zuen Fontangek. Bere esanetan, "eskaera egin ostean ezetza jaso dutenak, edo eskaera egiteko beharrezko baldintzak betetzen ez dituztelako eskaerarik egin ezin dutenak, ilegalak dira, eta hauek gero eta gehiago dira".