Kazeta

Ahozko literaturaren alde antiklerikal eta sexuala biltzen dituen obra

Ipar Euskal Herrian jasotako istorio gordin, antiklerikal eta sexualak batu ditu Maialen Morenok bere obran. Doktorego tesia moldatu eta Ipar Euskal Herrian egindako egonaldian jasotakoa bildu du lanean.

"Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa" liburua aurkeztu du Maialen Morenok.
"Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa" liburua aurkeztu du Maialen Morenok.

"Liburu honetako istorioei begiratzen badiegu, konturatuko gara ahozko literaturan gai gordinak eta antiklerikalak oso arruntak izan direla eta barra-barra kontatu izan direla. Baina arruntak izanik ere, oso gutxi bildu dira. XIX eta XX. mendeetako bilatzaile eta etnografoen lan interesgarriak badauzkagu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: Webster, Cerquand, Mayi Ariztia, Lafitte, Barandiaran, Azkue eta abarren lanak aldizkari eta liburuetan jasota baitauzkagu. Horregatik, beharbada, liburu honetan eskaintzen den corpusaren ekarpen handiena arlo horretan dago, gai ezezagun horietan, sexu kontuak aipatzen dituztenetan", adierazi zuen Maddi Morenok “Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa” liburuaren aurkezpenean.

Bere doktorego tesiaren moldaketa bat da ale berri hori, Ipar Euskal Herrian egindako egonaldiaren ondorioz jasotako materialaren bilketa, Garako artikuluak dion bezala. Istorio horietako batzuk tradizio zaharrekoak dira eta baliokide zahar horien azterketa ere egin da liburu horretan.

Kontakizun gehienak irri-istorioak dira, eguneroko bizitzako pertsonaiak batzen dituztenak. Badira medikuak, senar-emazteen arteko pasadizoak, eta baita apaizak ere –Maxime Chevalier folklorista frantsesak neskazaleak, jatunak, engainatzaileak zirena zioen–.

Adibide gisa, istorio labur bat, “Gormanta” izenekoa aipatu du egileak. "Apez batek enpatxua hartzen du arroz-esnea jan eta jan, eta bere gelariari edo etxeko lanetan laguntzen duen emakumeari esaten dio medikuari telefonoz deitzeko. Medikuak esaten dio sabela frotatzeko edo igurzteko, eta hori egin eta hara! Sendatzen da. Medikuari berriz deitu eta esaten dio: ‘Begira, sendatu da! Frotatu eta frotatu eta esnia atera da! Esni elkhi da!’".