Iurre BIDEGAIN

Istilu larriak zadista eta jendarmeen artean

Gobernu frantsesaren aginduz, jendarmeak ZAD Babestu Beharreko Gunera sartu dira gaur. Guneak hustu nahian, istilu larriak iragan dira militante eta jendarmeen artean. Bertara hurbiltzeko deia luzatu dute zadistek.

ZAD Babestu Beharreko Gunearen aldeko mobilizazioa Baionan. ©Isabelle Miquelestorena
ZAD Babestu Beharreko Gunearen aldeko mobilizazioa Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Goizeko 03.00ak aldera hasi da polizia operazioa ZAD Babestu Beharreko Gunean. Jendarmeak agertu dira eta gunea inguratu dutela azaldu du bertan dagoen Kamilak. Bizitegiak botatzeko xedez, errepideak blokatu dituztela kontatu du. Baionatik elkartasuna helaraziko diete militanteei 18.30ean Baionako herriko etxearen aitzinean antolatuko den elkarretaratzean.

Jendarmeek "gasa trumilka eta etengabe" erabili dutela dio Kamilak. Operazio bortitzari aurre egiteko helburuz, hainbat talde antolatu dira. Hala nola, zaurituak aterpetzeaz arduratuko den taldea. Gainera, Ambazadako kideek alkoholik gabeko ostatu bat antolatu dute, bertara hurbiltzen direnei harrera egiteko.

 

Badira asteak ZADek lurraldea babesteko barrikadak prestatu dituela, baina gaurkoak "istilu oso larriak" izan direla azpimarratu du militanteak. Gaur egun 300 pertsona bizi dira bertan, baina egun hauetan kanporaketari aurre egiteko 1.000 lagun bildu dira.

"Argi dugu operazio hau baliogabea dela. Komunikazio operazioa baizik ez da. Estatuak erakutsi nahi du eskubide estatua berriz lurraldean sartzen ari dela. Hemen ez du inork sinisten", erantsi du.

Zadistek argi dute: "Hautsiak izanen diren etxolak berriz eraikiko ditugu. Ez bada gaur, bihar". Militanteen aburuz, nahiz eta jendarmeak gaur gunetik joaten diren, "berriz itzuliko dira".

Euskal Herriko militanteak ere Notre-Dames-des-Landes gunera hurbildu dira sostengua erakusteko. Ambazada konbergentzien gunea eraikitzen bukatu dute. "Kanpoko jendeari harrera egin eta informazioa eskaintzeko lekua izanen da Ambazada", gehitu du.