Kazeta

Haurtzaindegietako euskarazko harrera goretsi dute

Larresoro eta Jatsuko Urraska elkartearen zein Itsasuko Lekuonean haurtzaindegiek Lehen haurtzaroaren euskarazko harrera dispositiboko (LEHA) labelak eskuratu dituzte. Ipar Euskal Herriko 28 haurtzaindegik aitorpen bera lortu dute.

Haurtzaindegiei labelak eskaini zizkieten martxoaren 26an. ©Euskal Elkargoa
Haurtzaindegiei labelak eskaini zizkieten martxoaren 26an. ©Euskal Elkargoa

Jatsu, Itsasu eta Larresoroko hiru haurtzaindegietan euskararen alde egiten duten lana omendu dute. Horretarako, LEHA Lehen haurtzaroaren euskarazko harrera dispositiboaren labelak eman dizkiete.

Dispositibo horretan hiru maila daude: A, B eta C. Lehenengoan haurrari euskaraz edo frantsesez aritzen zaio, burasoen hautuaren arabera. Bigarrenean, ordea, euskarazko harrera egiten zaio, osoki. Azkenik, C dispositiboan langileen erdia haurrari euskaraz ari zaio eta beste erdia frantsesez. A eta C modeloko labelak jaso dituzte aipaturiko Lapurdiko zentroek.

Euskal Elkargoa eta Euskararen Erakunde Publikoak euskarazko harrera bultzatzeko laguntza eskaini diete haurtzaindegiei. Euskal Elkargoak, hain zuzen, profesionalei euskara ikasteko formakuntza proposatzen die eta itzulpen zerbitzua plantan ezartzen du. 2018an, 80.000 euro bideratuko ditu helburua betetzeko.

2008az geroztik, Ipar Euskal Herriko 28 haurtzaindegik jaso dute labela. Uztaritzeko Urraska, Kanboko Pimprenelle eta Arrangoitzeko Lamina haurtzaindegiak aitorpen bera lortzeko bidean daude. Beñat Arrabit Euskal Elkargoko Hizkuntza Politika arduradunaren erranetan, euskararen presentzia indartzeko, Ipar Euskal Herriko haurtzaindegi guztiek labela eskuratzea lortu nahiko lukete.