Iurre BIDEGAIN

ELB isilik jendarmeen galderen aitzinean

Bidaxuneko ahate hazkuntzan burutu zen mobilizazioaren harira, Panpi Saint-Marie eta Jean-Michel Berho ELB sindikatuko kideak komisaldegira deitu dituzte martxoaren 27an. Bi sindikalistek galderei ez erantzutea erabaki dute.

Ahatekume guztiak Bidaxuneko etxaldetik atera zituzten ekainaren 14ean. ©Isabelle Miquelestorena
Ahatekume guztiak Bidaxuneko etxaldetik atera zituzten ekainaren 14ean. ©Isabelle Miquelestorena

Ahate hazkuntzen defentsan antolatutako protesten dosierra oraindik Baionako jendarmeriaren mahai gainean dago. Bidaxuneko etxalde bateko ahate kumeak hiltzeko aginduari aurre egiteko, adopzio kanpaina bat abiatu zuen ELBk iazko uztailean. Protesta horren karietara, Panpi Saint-Marie eta Jean-Michel Berho ELB sindikatuko kideak komisaldegira deitu dituzte martxoaren 27an.

Garaian, ahateak defendatzeko mobilizazioari buruzko 70 bat galdera pausatu dizkiete sindikalistei. "Ez dugu erantzun. Egun batez, auzi bat iragaiten bada, epailearen aitzinean erantzunen dugu galderei", nabarmendu du Sainte-Mariek.

ELBko barne antolakuntzari buruzko informazioaz gain, protestari buruzko xehetasunak ere jakin nahi izan dituzte jendarmeek. Orain, prokuradoreari auzigaia pasa eta, azken horrek aferari eman beharreko segida erabakiko du.

"Guretzat afera bukatua da eta uste dugu prokuradoreak baduela beste zerbait egiteko. Guk bi helburu genituen eta bete ditugu: ahate arraza salbatzea eta laborariak defendatzea", azpimarratu du Sainte-Mariek.