Kazeta

Puigdemont: estradizio eskaerari buruzko zalantzak agerian

Epaileak estradizio eskaera aztertzen duen bitartean, preso segitzen du Carles Puigdemontek. Presondegian uzteko erabakia hartu duen epailearen aburuz, Estatu espainiarrak egindako galdea baztertua izan daitekeen "zantzuak" daude.

«Llibertat presos politics» Kataluniako eta Euskal Herriko aldarriek bat egin dute. (Aritz LOIOLA | ARGAZKI PRESS)
«Llibertat presos politics» Kataluniako eta Euskal Herriko aldarriek bat egin dute. (Aritz LOIOLA | ARGAZKI PRESS)

Alemaniako poliziak atxilotu ondoren, epailearen aitzinetik pasa zen Carles Puigdemont martxoaren 26an. "Ihes egiteko arriskua" dagoela argudiatuta, estradizio eskaera aztertzen duen bitartean, preso mantentzea erabaki zuen Neumuensterreko epaileak. Azken horrek zalantzan eman du Estatu espainiarrak egindako estradizio eskaeraren egokitasuna.

Atxilotu bezain laster, Fiskaltza Nagusi espainiarrak Kataluniako presidente ohiaren kontrako akusazioaren dokumentazioa helarazi zion Schleswig-Holsteingo prokuradoreari. Epaileak entzun ondotik, Schleswig-Holsteingo Auzitegi Gorenean deklaratu beharko du Puigdemontek. Oraingoz, ez da ezaguna data. Schleswig-Holsteingo prokuradoreak estradizio eskaerari buruzko erabakia hartu beharko du.

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak prozesu subiranista dela eta, diru publikoaren erabilpen okerra eta matxinada egotzi dio lehendakari ohiari. Estradizio eskaera gauzatu ahal izateko, Alemaniak ere delitu horiek bildu behar ditu Zigor Kodean. Kasu honetan, ez du delitua gisa horretan jasotzen, baina "goi tradizioa" baliokidetzat interpretatu daiteke. Behin baino gehiagotan, Puigdemonten abokatuak defendatu du Estatu espainiarrean ez lukeela "epaiketa justurik" izanen.

Elkarrizketari atxikia

Kataluniak bizi duen salbuespen egoera salatu du EH Baik agiri baten bidez. Jordi Turrullen, Josep Rullen, Raul Romevaren, Dolors Bassaren, Carme Forcadellen eta Carles Puigdemonten atxiloketak deitoratu ditu, hain zuzen. "Kataluniako herriak bizi duen salbuespeneko egoera eta espainiar Estatuaren demokrazia falta, azken hilabeteetan are gehiago atzeratu dena, salatzen ditugu, Europar Batasunaren konplizitatearekin batera", erantsi du.

Europar Batasuna eta Gobernu espainiarrari "estrategia errepresiboa" gelditzea eskatu die. Halaber, Kataluniako ordezkari politiko, sozial eta instituzionalekin elkarrizketa bidean sartzea galdegin die. "Askatasuna, demokrazia, elkarrizketa, negoziazioa eta eskubide zibil eta politikoen errespetua gatazka politikoaren konpontzeko bide bakar baitira", nabarmendu du.