KAZETA

Defendatu dituzten laguntzak atxikiko dituzte laborariek

Astelehenean, Laborantza Ministeritzak adierazi du larre eta alhapideen laguntzak ez dituela apalduko.

Mobilizazio franko izan ziren joan den astean, Baionan eta frantziar Estatuan. © Isabelle MIQUELESTORENA
Mobilizazio franko izan ziren joan den astean, Baionan eta frantziar Estatuan. © Isabelle MIQUELESTORENA

Confédération Paysanne sindikatuak astelehenean ukan zuen berriak laborariak lasaitu ditu. Laborantza Ministeritzarekin ukan duen bilkuran larre eta alhapideen laguntzak ez direla apalduko jakin du. Irizpideak ez dira ez aldatuko ez apalduko.

Martxoaren 21ean Baionako suprefekturaren aitzinea elgarretaratu ziren laborariak, ELB sindikatuaren deialdia jarraiki. Frantses Estatuan gaindi gisa bereko ekimenak antolatu zituen Confédération Paysannek eta haien borrokaren garaipen gisa ikusten du erabakia ELBk. Eta gehitu du: "Euskal Herriko bazterrak diren bezalakoak baldin badira larre eta alhapide horiek baliatzen dituzten laborariei esker da; gune maldatsuak izanik ere segitzen baitute eremu
horien garbi atxikitzen, ondorioz behar beharrezkoa da laborantza politikak laborari horien laguntzen segi dezan".

Sindikatuak zehazten du, gainera, kontrolak uda eta larrazkenean gertatuko direla, eta ez neguan, sasoi horretan belar guti izanez, eremu horien balioa neurtzea zailago baitzen.