Kazeta

Laguntzak mantentzearen aldeko aldarria entzunarazi dute laborariek

Larre eta alhapideetan diharduten laborariei bideratzen dizkieten laguntzak mantentzea aldarrikatu du ELB sindikatuak. Baionako suprefeturaren aitzinean mobilizazio bat burutu du martxoaren 21n.

Ardi tropa bat eraman dute sindikalistek Baionako suprefeturara. © Isabelle Miquelestorena
Ardi tropa bat eraman dute sindikalistek Baionako suprefeturara. © Isabelle Miquelestorena

Ardi tropa bat pentzetik Baionako erdigunera eraman du ELB sindikatuak. Goizean burutu duen mobilizazioaren bidez, laborariek Europatik jasotzen dituzten diru laguntzak ez apaltzea fermuki eskatu dute 50 parte hartzaile baino gehiagok.



2015az geroztik, laborari bakoitzak bere kabalak elikatzeko erabiltzen duen lurrazala zenbatekoa den jakinarazi behar du. Eremuaren proportzioaren araberako diru laguntza jasotzen du, Europako Laborantza Politika Bateratuaren (PAC) bitartez.

Europako batzordearen aburuz, frantziar Estatuak kalkulatzen duen laguntzen kopurua "gehiegizkoa" da. Hori berrikustea galdegin dio. Aldaketarik gauzatzen ez badu, gaur egun eskaintzen dituen laguntza guziak bertan behera utziko dituela mehatxatu du.

ELB sindikatuak aurreikusi duenez, diru laguntzak %5 eta %10en artean apalduko lituzkete. Baionan burutu duen mobilizazioaren bidez, larre eta alhapideak "hazkuntzarentzat beharrezkoak" direla nabarmendu du. "Berriz ere nekeziak dituzten laborariak gehien kaltetuak dira", deitoratu du.



Europak harturiko erabakiaren kontra jo eta frantziar Estatuaren engaiamendua aldarrikatu du sindikatuak. Hainbat sindikatuk mobilizazioak antolatu dituzte frantziar Estatu osoan, hala nola, Confédération Paysannek.