Iurre BIDEGAIN

Euskaraldiaren sarea josten hasi dira Ipar Euskal Herrian

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaraz bizitzeko erronka bota duen Euskaraldia ekimena abiatu dute Ipar Euskal Herrian. Egitasmoarekin bat egin nahi duen orok apirilaren 30ra arte du izena emateko.

Euskaraz bizitzeko aukera eskaini. Honakoa da azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri osoan gauzatuko den Euskaraldia ekimenaren xedea. Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Konfederazioak Ipar Euskal Herrian burututako egitasmoa aurkeztu eta, hasiera eman zioten martxoaren 17an Itsasun.

Euskararen erabilpena sustatzeko dinamika sozial eta kolektibo bat da Euskaraldia. Proiektuak euskaltzaleon hizkuntza praktiketan eraginez euskaraz hitz egin ahal izateko gune berriak berreskuratzeko helburua du. Horretarako, hamasei urte gorako parte hartzaileak bi profiletan banatuz "Ahobizi" eta "Belarriprest" bihurtuko dituzte.

Topaguneak proposamena luzatu eta, Euskal Konfederazioak parioari aurre egiteko borondatea erakutsi zuen. Azalpenak egin eta batez ere antolaketari eusteko, abiatze ekitaldian 80 bat pertsona bildu ziren Lapurdiko herrian. "Orotara, 38 herri ordezkatuak izan dira, lurralde osoa, hain zuzen. Guretzat oso aberasgarria eta interesgarria da", aitortu du Jenofa Berchoirigoinek Euskaraldiaren arduraduna Ipar Euskal Herrian.

Ekimenarekin bat egin zuten herritarrak antolatze fasean murgildu ziren larunbatean. Orain, horiek beren auzo-herrietako herritarrak deitu, proiektua aurkeztu eta motibatzeko misioa dute. Gisa horretan, euskaltzaleen sarea osatzen joanen dela dio arduradunak.

Antolatzaileek ere zeregina izanen dute datozen hilabeteetan. Lapurdi, Baxe Nafarroa zein Xiberoan aurkezpen bilkurak antolatuko dituzte herritarrei tresnak emateko. Berhokoirigoinen erranetan, Euskaraldian parte hartzeko, apirilaren 30ra arte izen emateko epea irekia dago.

Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak azaldu duenez, badira bi urte Euskaraldiaren aurre proiektuak martxan jarri direla dozena bat herritan. Hala nola, Baiona, Biarritz eta Angelun gauzatu zen BAM! dinamika.

Orain, pausu bat haratago eman eta Euskal Herri osora zabaldu nahi dute energia kolektibo hori. "Euskaraldiak birus baten antza dauka. Borondate asko bildu ditu. Norbanakoen ahaleginaz gain, instituzioen aldetik hitz baikorrak baizik ez ditugu jaso. Haien babesa ere beharrezkoa da", aipatu du Mendizabalek.

Hendaian ere, euskararen alde

Martxoaren 18an, Hendaiako herritarrek ere bat egin zuten Euskaraldiaren dinamikarekin. Akelarre elkarteak eta Herriko Etxeak antolaturiko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikusgarria baliatu zuten ekimenari sostengua adierazteko.