Justiziak bere amaren ehorzketara joateko baimena ukatu dio Ibon Goieaskoetxeari

Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoaren ama, Lourdes Arronategi, otsailaren 20an zendu zen eta gaur, 14:00etan, azken agurra emango diote Zokoan eginen den ekitaldian. Ekitaldira joateko baimena eskatu zuen Goieaskoetxeak, baina justizia frantsesak ukatu egin dio.

KAZETA|2018/03/13 11:17|0 iruzkin
Ct_q0uhw8aattpn
Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaranen aldeko elkarretaratzea

Justizia frantsesak bere amari azken agurra emateko baimena ukatu dio Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoari. Otsailaren 20an, sorterria zuen Busturian zendu zen Lourdes Arronategi, presoaren ama, eta gaur, 14:00etatik aurrera, agur ekitaldi bat egingo diote senide eta lagunek Zokoan.

Arleseko espetxean dagoen Goieaskoetxeak baimena eskatu zuen bertan egon ahal izateko, baina frantziar Estatuko justiziak ez dio eman. Galizan preso dagoen beste anaiak, Eneko Goieaskoetxeak, ordea, baimena jaso du eta ekitaldian egoteko aukera izanen du, ama gertukoekin batera agurtzeko.

Justiziaren jokabide eta erabakiak sortzen duen "sufrimendua" salatu du familiak, eta hau gertatzen den lehen aldia ez dela ekarri dute gogora. Iazko udaberrian Goieaskoetxeatarren aita zendu zen, eta orduan, bi anaiek ez zuten aita agurtzeko ekitaldian parte hartzeko aukera izan.

Duela hilabete eskas, orain Mont-de-Marsango espetxean den Zigor Garro preso oreretarrari baimena eman zion kartzelako zuzendariak, eta Zokoan bertan bere amari egin zioten omenaldi eta agurrean parte hartzeko aukera izan zuen, gertukoen artean.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK