Maite UBIRIRA

Alzheimerra dutenentzako egoitza Biarritzen

Iaz 145 herritar jaio ziren eta 443 hil, Biarritzen. Biztanleriaren zahartzearekin loturiko erronka ez da nolanahikoa kostako hirian. Herriko Etxearen bultzadapean, eguneko zentro berria zabalduko dute bertan, alzheimer gaitza duten herritarrak hobeto artatzeko.

Snoezelen terapia proposatuko dute Alzheimerra dutenentzak egoitzan. © Isabelle Miquelestorena
Snoezelen terapia proposatuko dute Alzheimerra dutenentzak egoitzan. © Isabelle Miquelestorena

Iazko errolda aintzat hartuta, 24.137 herritar bizi dira Biarritzen, udako hilabeteetan 100.000 biztanleen langa gainditzen duen kostako hirian. Biztanle finkoen kopuru horretatik 5.372 herritar, 60-74 urteko adin tartean ziren. Horretaz gain, Biarritzeko hirugarren biztanle multzo handiena 75-89 urteko pertsonek osatzen zuten (4.523 herritar).

Bilakaera demografikoa antzekoa da barnealdeko eremu anitzetan, baina biztanle kopuruari begiratuta, Biarritzek erronka bereziak ditu zaharkitze prozesuarekin loturiko gaixotasunen aurrean zerbitzuak garatzeko.

Gizarte programak garatzeko orduan atzerapen franko izan dela onartzen dute alzheimer erako gaixotasunekin lan egiten dute profesional gehienek. Ondorioz, gaitzaren aurreneko faseetan dauden erientzat eta beraien familientzat egituren eskaintza aski urria da.

Hain zuzen ere, gabezia nagusia terapia eta tratamendu berezituen alorrekoa da. Eremu horretan eragin nahi izan dute, hain zuzen, menpekotasun handiko egoiliarrentzako Notre Maison (Gure Etxea) izeneko zentroaren eremuan eguneko zentro berria planifikatzen jardun duten eragileek. Etxe-laguntza zerbitzuaren eta egoitzak berak ematen duen eskaintzaren osagarri gisa, eguneko zentroa zabalduko dute bertan.

Arkitektura eta terapiaren ikuspuntutik gaixotasun neurodegeneratiboen aurrean erantzun berriak eman nahi dituztela nabarmendu du Herriko Etxeak, egituraren sustatzaile denak. Egun edo asteka egonaldiak proposatuz, gaixoen egoera eta familia-zaintzaileen egunerokotasuna hobetzea da zerbitzuaren helburu nagusia.

Estimulazio programak

Gaitzaren lehenengo etapan diren pertsonei zuzendutakoa izanen da astelehenetik ostiralera 9.00etatik 17.00etara zabalik izanen den zentroa. Gaixoen estimulaziorako programak garatuko dituzte bertan; besteak beste, sukaldaritza eta lorezaintzaren bidez.

Berritasunen artean Snoezelen terapia proposatuko dute. Musika lasaigarriaren, olio esentzialen eta irudi gogorarazleen bidez pazienteen esperientzia sentsorialak landuko dira 20 metro koadroko gela batean.

1.151.000 euroko inbertsioa du Pirinio Atlantikoetako Departamenduko gizarte sarearekin elkarlanean kudeatuko den zentroak. (Informazio gehiago: www. viatrajectoire.sante-ra.fr)