Aberri Eguna, herrien eraikuntza eta erabakitzeko eskubidearen alde

EH Bai eta Aitzina gazte antolakundeko kideek aurtengo Aberri Eguna antolatu dute apirilaren 1erako Donibane Garazin. Ipar Euskal Herrian arrakasta bildu nahi duen ekimena "Herriak eraiki, herriak erabaki" lemapean iraganen da.

Iurre BIDEGAIN|2018/03/13 13:05|0 iruzkin
Loading player...

EH Bai eta Aitzinari garrantzitsua iruditu zaie Independentistak Sareak Iruñean antolatzen duen Aberri Egunari oihartzuna ematea Ipar Euskal Herrian. Egun osoko egitaraua prestatu dute apirilaren 1erako Donibane Garazin. "Herriak eraiki, herriak erabaki" lemapean iraganen den ekimenak "kolektiboki existitu nahi duen herriaren eguna izatea" nahi du.

Urte luzeetako borrokek herria eraikitzeko hainbat tresnen sorkuntza ahalbidetu dutela dio Txomin Casteigts EH Baiko kideak. Hala nola, Seaska elkartea, Eusko tokiko moneta, I-Ener elkartea eta Laborantza Ganbara. "Guk bide horretatik segitu behar dugu, hots, burujabetzara eramanen gaituen tresnak sortzen", aipatu du.

Bi mugimenduek "ezberdinen arteko elkarbizitzan oinarritutako Euskal Herria" dute helburu. "Proiektu inklusiboa da gurea, Euskal Herrian lan egiten eta bizi den orori zabalik dena", erantsi dute.

Euskal Elkargoaren sorrera lehen ezagupen instituzional bat dela uste dute. Haatik, ez da nahi duten instituzioa. "Beste mailako instituzio bat aldarrikatzen hasi behar gara" nabarmendu du Casteigtsek. "Hiru euskal eremu administratiboen arteko loturak, helburu dugun Euskal Herriaren lurraldetasuna irudikatzen du".

Europan gaindi erabakitzeko eskubideak aldarrikatzen eta egikaritzen ari direla ohartarazi du gazteak. Eskozian baita Katalunian ere herritarrek bozkatu dute. Korsikako herria ere horren aldeko lanean ari dela azpimarratu du militanteak. "Euskal Herrian ere erabaki nahi dugu. Gure geroa eskutan hartu behar dugu", gehitu du.

Apirilaren 1eko eguna Ipar Euskal Herriko elkarte eta eragileen merkatuarekin abiatuko da. Ondotik, 12.00etan manifestazio batek Baxe Nafarroako herria zeharkatuko du. 14.30ean bertako produktuekin egindako bazkaria proposatuko dute. Azkenik, 17.00etatik aitzina, Kontrabanda eta DJ Xabik amaiera emanen diote aurtengo Aberri Egunari.