Baigorrira ailegatu da Altsasuko gazteen aldeko aldarria

Altsasuko gazteen burasoek auziari buruzko informazioa eskaintzeko bira bat antolatu dute. Hirugarren etaparen karietara, Lekunberri, Leitza, Mugairi, Elizondo, Baigorri eta Bera bisitatu dute asteburuan.

Kazeta|2018/03/12 09:29|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-03-12_a_09
Burasoek bira abiatu zuten otsailaren 24an.

Altsasuko gazteen gurasoek, herritar ugariren eta 48 elkarte eta plataformaren babesarekin, Nafarroan zehar egiten ari diren elkartasun martxaren hirugarren etapa burutu dute, Garako artikuluak azaldu duenez.

Otsailaren 24an, Altsasutik abiatuta, Zubiri, Garralda, Otsagabia eta Irunberri zeharkatu ostean, Zangozara iritsi ziren. Hurrengo zita martxoaren 3an izan zen eta ordukoan Lizarra zuten helmuga, Altsasutik Tafallara, Artaxoara eta Garesera abiatuz lehenik.

Martxoaren 10ean Mendialdea eskualdera iritsi ziren. 10.30ean atera ziren beren herritik, ohi bezala, eta Lekunberri, Leitza, Mugairi, Elizondo, Baigorri eta Bera bisitatu zituzten. Herri horietan gurasoei harrera egiteko ekintza ugari prestatuak zituzten. Esaterako, Lekunberrin auto karabana bat abiatu zen Leitzaraino; 50 ibilgailuk baino gehiagok eta ehunka pertsonak hartu zuten parte. Bertan, eguerdian giroa alaitzeko kalejira egin zuten txaranga eta momotxorroekin, eta herriko plazan karabanaren zain egon ziren.

Martxari harrera egin ostean, gurasoek hitzaldia eskaini zuten eta bertaratutakoek erakusketa bat ikusi ahal izan zuten. Horrez gain, espetxeratutako gazteen aldeko sinadurak bildu zituzten.

Elizondon bazkaldu ostean

Elizondora jo zuten ondoren eta bertan geldialdi luzeagoa egin zuten; bazkari herrikoia antolatua zuten han eta autobus bete jende ere bertaratu zen. Arratsaldean manifestazioa egin zuten. Gurasoek bideari ekin zioten berriz, baina herrian, aldiz, prestatutako ekintzekin jarraitu zuten, tartean, poteoa eta kontzertuak. Puntu honetan martxa bitan banandu zen; batzuek Baigorrira jo zuten eta besteak Berara joan ziren, non presoei postalak idazteko ekimenaz gain, beste manifestazio bat deitua zuten.

Laugarren etapa martxoaren 17an burutuko dute eta bizikletaz egitera deitu dute. Hiru zutabe abiatuko dira Iruñerantz: Barañaindik, Atarrabiatik eta Berriozarretik bana. 13.30ean egingo dute topo guztiek Gaztelu plazan.

Bestalde, apirilaren 14rako manifestazioa deitu dute Iruñean, bost eta erdietan, kartzelan dauden gazteen eta horien lagunen aldeko justizia eskatzeko. Zortzi gazteen kontrako epaiketa apirilaren 16an hasiko da eta hilaren 27ra arte iraungo duela aurreikusten da.