Jon GARMENDIA

“Zutik atxiki nauena euskaldun naizela jakitea da, uste dut hori dela ene hezurdura”

Irakaslea, kantaria, idazlea eta orain antzerkiaren munduan dabilena. "Oroitzen naizeno" irakurketa antzeztua eskaintzen dabil uneotan. Datozen hilabeteetarako Zazpi emanaldi ditu hitzartuak Zubeldiak, Bernadette Lurorekin batera.

Maddi Zubeldia, Irakaslea, kantaria, idazle eta orain antzerkiaren munduan dabilena.
Maddi Zubeldia, Irakaslea, kantaria, idazle eta orain antzerkiaren munduan dabilena.

O roitzen naizeno”. Izenburu hori duen irakurketa antzeztua eskaintzen dabil uneotan Maddi Zubeldia, Bernadette Lurorekin batera, bere amak duen Alzheimerren gaitza ardatz. Antza ez da beldur ematen dion espresioaren diziplinarik. "Pasa naiz nire buruan ‘zergatik’ egingo dut pentsatzetik, ‘zergatik ez’ erran eta egitera", aitortu digu bere begi urdinek alaitasuna izpiz marrazten dutela iruditzen zaigun bitartean.

"Idazteko beharra izaten dut, gertatzen zaidana hobeto ulertzeko modua baita distantzia batera objektu bat jartzea eta hari hitz egitea; eta amari alzheimerra diagnostikatu ziotenean kolpea izan zen niretzat, egokitu egin behar nuen lehenik, eta etxeko kontuak antolatzea zetorren gero. Baina argi neukan idatzi beharra neukala nire baitan gertatzen zena ulertzeko. Hastapenean monologo bat egitea bururatu zitzaidan, eta banekien zein aktoreri proposatuko nion gainera".

Baina sorkuntza lanetan sarri gertatzen den eran, planak aldatu egin ziren. "Ziburun Jean-Philippe Leremboure koreografoak zuzentzen duen Ezpeletenia dago; dantzarien egonaldiak egiten dira bertan. Han eskaintzen diren emanaldietako bat ikustera joan nintzen eta Jean-Philipperi aipatu nion nire monologoaren ideia, eta hara joan nahi nuela idaztera; etxetik bost minutura neukan, eta, etxean idaztea zail gertatzen zaidala kontuan hartuta, plana ezin hobea zen niretzat. Berak baietz, ‘egin dezagun’, erran zidan, eta horrela hasi nintzen libre neukan denboran hara joaten eta monologoa idazten".

"Ez nuen inoiz antzezpenik egin"

Eritasunari aurre egiteko eta zaintza onak izan zitzan, ama zentro berezitu batean ingresatu zuten, baina blokeo moduko bat heldu zen Maddiren idazketa prozesura. "Ez nuen argirik ikusten, eta oihanera ibiltzera joan nintzen batean konponbidea atzeman nuen. Ez zen monologo bat izango, bi pertsona izango ziren, bata emakumea, gaur egun dagoen bezala, eta bestea bere memoria; eta hori argitu zitzaidanetik aise joan zen idazketa. Jean-Philipperi aldaketa aipatu nion eta nik interpretatuko nuela erran zidan berak, bat behintzat ni izango nintzela. Nik ez nuen inoiz antzezpenik egin eta beldurrak azaleratu bazitzaizkidan ere, egonaldi bukaeran behin baizik eskainiko ez zela jakinda, egin egin nuen".

Baina emanaldi haren arrakastak gehiago ekarri zituen ondotik, eskaerak handitu zitzaizkien eta jadanik sei aldiz eskaini dute lana. Abestiekin apaintzen du emankizuna Maddik, berak sortutako bi darabiltza zehazki, hasieran kantatzen duen “Ahaztuko badut” eta antzezpen bukaeran Agurtzane Anduetza artistak egindako marrazki eta irudiekin proiektatzen den “Nire arintasuna”. Hona abesti sentikor horren parte bat: "Laurogeita hamar urte diote, ez dut uste, ezin da hainbeste, besotikan helduta, neuk makila hartuta, hola naramate. Hala hobeto dela, nere onerako dela, esaten didate. Umetxoei bezela, esplikatzen, bestela erori zintezke. Ibiltzen neuk erakatsi nien baina ama nindutela. Orai berriz onartu beharko dut zahartu naizela...".

Zazpi emanaldi gehiago dituzte hitzartuak, Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurretan zein hegoaldekoetan. "Amaren herrian, Mendaron, eskainiko dugu emanaldi bat, eta horrek bereziki hunkitzen nau".

Irunen lokartu, Landetan esnatu

Argazkiak hartzera abiatu eta hizketan jarraitu dugu Maddirekin, potretak Ziburuko bere leku maitatu batean egin nahi zituela eta iturri zaharrera eraman gaitu, erdigunean dagoen ur tokira. 1676. urtean egindako obeliskoa du iturriak, pare bat metroko garaierarekin. XX. mendera arte ura handik biltzen zuten herritarrek eta Ziburuko armak ere gordeta eduki omen zituzten han Frantziako Iraultzaren garaian.

Maitasun handia dio Zibururi Maddik, bertan eraiki du bizitza. "Familia gipuzkoarra dut nik, aita Nuarbekoa eta ama Mendarokoa. 1961. urtean sortu nintzen Donostiako ospitalean eta lehen sei urteetan Irunen bizi izan nintzen; oroitzen dut orduko kale giroa eta oroitzapen politak ditut. Baina egun batetik bestera, Irungo etxean lokartu eta Landetako herri batean esnatu nintzen, Mézos izenekoa, oso txikia. Bat-batean aurkitu nintzen leku ezezagun batean, deus ulertzen ez nuela, eta trauma bat izan zen hori. Etxe zahar batean bizi ginen, jendarmeria ohia zena, txiste bat ia; hizki batzuk oraindik han zeuden eskegita! Garai hartako giroa triste eta hitsa oroitzen dut. Gu etorkin gisa bizi ginen eta gurasoek zerratokian lan egiten zuten, pinua, pinua eta pinua, han ez zen besterik. Geroztik ezin dut pinurik ikusi!".

Aipatzen duen trauma horrek interesa piztu digu, eta, zaurietan arrakala berriak sortzeko intentziorik gabe, esperientzia hartaz galdegin diogu. "Ni eskolara bidaltzen ninduten eta ez nekien hitz bakar bat ere frantsesez, beraz, horrek haserako zailtasunak areagotu zizkidan. Nire anaia zaharra ongi bertakotu zen aldiz; hark beste izateko modu bat du, irekiagoa edo, harremanak erraz izan zituen. Ni isilagoa nintzenez, buru-belarri lotu nintzen frantsesa ikastera, irakurtzera… Erranen dut irakasleek gustukoa nindutela!".

Haurrek ez dute etorkizuna hautatzen, ez behintzat bizitokia izango duten hori, baina toki horretan gertatzen den guztiak eragin bat uzten die. Hori zutabe nagusi izanik, haur batek deserriko lurretan dituen oroitzapenak bilduta osatu zuen bere lehen eleberria, “Deserria haurtzaro” izenburuarekin, berriki aurkeztu duena. "Betidanik maitatu dut idaztea, eta hartan aritu nintzen denbora luzez libre nituen tarteak baliatuz. Urteak pasa ditut liburu hau idazten, gainera, erdibidean nengoela idatzitako guztia galdu nuen; gako batean gordeta neukan eta gako hori urtu egin zen, bertako informazioa berreskuratu ezinik gelditu nintzen. Negar egin nuen eta doluko hilabeteak etorri ziren, bazterrera utzi nuen kontua… Baina hilabete batzuk geroago, berriro hasi nintzen idazten. Nire bizi esperientzia du ardatz liburuak, haur baten begietatik deserria kontatzen da, euskaldun familia bat etorkin gisa nola bizi den egokitu zaion tokian. Haur lapurtuen gaiak eztanda egin zuen idazten nenbilen garaian, eta nire ahizpa ttipia, gu hiru baikara, Daxen [Akize] sortua da; bada, haraino iristen omen zen haur lapurtuen trafikoa. Honela, gu bezalako familia bati horrelako zerbait gertatu zitzaiokeela kontuan hartuz, ba gure istorioarekin lotu nuen gai hori ere, aurrez pentsatutako gaia arrunt aldatu nuelarik horrela".

Liburuan bere egiazko abizena agertzen da, Arozena, hala zen bere aita Jose Manuelen aldetik. "Hondarribiko jatorria zuen familia batean sartu nintzen ezkontzerakoan, Ziburun errefuxiatu zirenak, Zubeldiatarrak, kantuaren eta euskal kultura ororen maitaleak. Bada, garaian, Frantziako administrazioan, senarraren deitura hartu behar zen. Oraingo garaiotatik ikusita izugarria iruditzen zait. Niri izena ere aldatu egin zidaten, Maddi izatetik Marie izatera pasa nintzen, eta Arozena ordez Zubeldia. Agian orduan ez nion aski garrantzirik eman, nahiz eta baduen noski. Liburua idatzi nuenean Zubeldia-Arozena jarri nuen; jatorrikoa ez zen ordena horretan. baina zerbait bada".

Ziburura bizitzera etortzearekin batera hasi ote zen kantatzen galdetu diogu Maddiri, lehen diskoan Zubeldia abizena agertzen baita, bigarrenean bezala. "Gure familian kantua maite genuen. Aita oso bertsozalea zen, igandetan ‘Zeruko Argia’ irakurtzen genuen elkarrekin, eta bertsoak kantatzen aritzen ginen. Aitak buruz zekizkien asko. Ramuntxo senarraren familian kantu herrikoiak errotuta zeuden bestalde. Nik, gitarra jotzen, hiruzpalau klase hartzeaz aparte, nire kabuz ikasi nuen, olerki formako kantuak idatziak neuzkan eta baita nolabaiteko melodiak ere, etxeko bulegotxoan sartuta ibiltzen nintzelako erdi gordeka. Unaik eta Nahiak, nire hiru seme-alabetako bik, Domeka eta Kamila lehengusuekin musika talde bat sortu zuten, Unama, eta haiek etorri zitzaizkidan nire kantuak moldatu eta jo nahi zituztela esanaz. Diskoa ere atera zuten. Eta, noski, ni biziki harro. Momentu berean ezagutu nituen Azkaineko lagun batzuk, musikarekin aritzen zirenak, Txomin, Xano…Asteburuak elkarrekin pasatzen genituen eta haiek animatzen ninduten kantatzera, eta baita talde bat osatzera ere. Azkaineko Serresko kaperan egin genuen lehen kantaldia eta geroztik emanaldi askoren tartean bi disko ere argitaratu ditugu". Eta arte sorkuntza horren guztiaren erdian lanbidea du Maddik: irakaslea da Seaskan.

"Landetatik Baionara itzuli ginen, eta ikasketei heldu genien anai-arrebek, nik irakasle izateko bideari ekin nion, eta Angelun egin nituen praktikak, Filipe Bidarten gelan. Tira, praktiketan nengoela Filipe desagertu egin zen, eta nik hartu nuen gela eramateko ardura. Gero Azkainen jardun nintzen hiru urtez, Hendaian hemezortzi urte pasa ditut, handik Urruñara eta gaur egun Azkainen dihardut berriz, zirkulu bat bailitzan. Gainera, gauzak zer diren, frantseseko irakaslea naiz!".

Orotara hogeita hamar urte baino gehiago irakaskuntzan, eta Lapurdiko kostako belaunaldi desberdinak pasa dira bere eskuetatik, horrek biziki ezagun bihurtzen duelarik euskaldunen artean. "Orduko Ziburu oso frantsesa zen. Ene adinkideekin ezin nuen euskaraz hitz egin, hemen ez zen euskarazko eskolarik ere, eta horrek eragin handia zuen gizartearen hizkuntza errealitatean. Gaur egun, gauzak asko aldatu dira, bide horretan egin den lanari esker. Itxaropentsu behatzen diot geroari. Bestetik, ni zutik atxiki nauena euskaldun naizela jakitea da, uste dut hori dela ene hezurdura. Nongoa naizen ez nuke jakingo erraten, baina bai nor naizen, zer naizen, eta hori biziki garrantzitsua dela uste dut". •