San Izpiritu, garraio guzien arteko zubia

Aturri ibaiaren bi aldeetako herritarrak lotzen dituen zubiak garraio mota guziei toki bat eskaintzea nahi dute elkarteek.

Goizeder TABERNA|2018/03/09 08:10|0 iruzkin
Pont-st-esprit-velo
San Izpiritu zubia Aturri ibaia zeharkatzen duen Baiona historikoko bakarra da. @bizi

Elkarte kolektibo batek Baionako San Izpiritu zubia garraio mota guziei toki bat eskaintzeko elgarretaratze alaitu bat antolatu du. Martxoaren 14an, asteazkenean, Reduit plazan eman du hitzordua, 18.30ean, eta jantzi koloretsuekin etortzera deitu du. San Izpiritu zubia "topa gune" bilakatzea eta esperimentazio gisa asteburuetan autoei hestea galdeginen dute.

L'Arbre à signes, AVAP, Bizi !, CADE, Les Mères Poules, Saint-Esprit sur le Pont eta Txirrind'ola elkarteek proposamen berria egin diete Baionako hautetsiei. Orain arte Bizi! mugimendu klimatikoak Aturri ibaia zeharkatzen duen zubitik autoak ez iragaitea eskatzen bazuen ere, geroztik, garraio mota guzien arteko elkarbizitza ahalbidetzen duen formula bat proposatzen dute kolektiboa osatzen duten egiturek.

Bide Kodeak arautzen duen "topaketa gunea" gauza dadin nahi lukete elkarteek, hots, auto, garraio kolektibo, oinezko eta bizikletak hartuko lituzkeena. Horretarako, baimendutako abiadura 20 km ordukoa litzateke. "Guneak elkarbizitza eta saltegien eskuragarritasuna lagunduko ditu. Elkarbizitza harmoniatsu eta gerizatu baten ahalbidetzeko antolaketa logika gehitua izan beharko zaio. Logika hau Tram'bus egitasmoan sartzeko nahikari politiko bat baldin bada oraino egingarria da", argudiatzen du plazaratu duten oharrak. Ondorioz, tram’bus xedea bururatu baino lehen egokitzapenak kontutan hartzeko premia ikusten dute.

Baionan, bidaien %4a garraio kolektiboz eta %1a txirrindulaz egiten diren hirigune bat dela eta biztanleen %85a ber lurraldean bizi eta lan egiten duela oroitarazi dute. Diagnostiko kaskar horren aitzinean, erantzuna presazkoa dela uste dute. Sustut, klimaren aldaketaren ondorioak ate joka direla ikusirik. "Osasun zaintzarako institutuak eta medikuen ordenak, ‘hiriko kutsadura atmosferikoaren aurkako borroka osasun publikoaren lehentasuneko arazo bat bezala hartu behar’ dela baieztatzen dute", azpimarratu dute.