KAZETA

Zuhaitz lepatuen Europa mailako topaketak Saran

Laborari zein teknikariak Saran elgarretaratuko dira martxo hasieran, zuhaitz lepatuen gaia jorratzeko.

Zuhait lepatuak laborantza eremuan garatzea xede du EHLGk. © Gaizka IROZ
Zuhait lepatuak laborantza eremuan garatzea xede du EHLGk. © Gaizka IROZ

Martxoaren 1, 2 eta 3an Europako 10 herrialdeetatik etorritako 30 hizlarik hartuko dute parte Euskal Herriko Laborantza Ganbarak Saran antolatu dituen ekitaldietan. Hamabi urteren ondoren egingo duten Europa mailako bigarren jardunaldiak zuhaitz lepatuak izanen ditu ardatz, eta gaia jorratzeko euskaraz, frantsesez zein ingelesez arituko direnez, guziek elkar uler dezaten aldibereko itzulpen sistema eskainiko dute.

Hiru egunez teknikari, laborari eta hainbat elkartetako 300 lagun bilduko dira beste herrialdeetan mirespena sortzen duen Sarako oihanaren magalean, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da. Hitzaldiak goizez izango dira eta arratsaldetan bertara joango dira, tailer praktikoak egitera.

Gauez, berriz, film eta musika emanaldiak eskainiko dituzte, gerturatu nahi duen ororentzat idekiak. Besteren artean, Ruper Ordorikaren kontzertua izanen da ostiralean.