Garabi berriak Baionako portuarentzat

2017an 2.363.784 tonako merkantzia-garraioa izan zuen portuak, eta honen gaitasuna hobetzeko, besteak beste, dragatzeko lanak abiatu zituzten iaz eta sarrera-irteerak erraztu dituzte horrela. Zamaketa lana azkartzeko ere bi garabi berri martxan izanen dira heldu den urtean.

Maite UBIRIA|2018/02/21 16:35|0 iruzkin
Port_baiona_03
Aturri ibaiko zola garbitzen segituko du dragaketa untziak. © Gaizka Iroz

Azken urteotan Baionako portuaren bilakaeran garrantzi berezia izan zuten hainbat industria egitasmok zailtasunak bizi izan dituzte. Horren ondorioz, portuaren jarduera moteltzeaz gain, azpiegituraren etorkizunari buruzko kezkak agertu ziren.

Zalantzak uxatze aldera, bertan ondoko sei urteotan 14,3 milioi inbertituko dituztela baieztatu berri dute portuaren jabeek, hots, Akitania eskualdeak, eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG), azpiegituraren kudeaketaz arduratzen denak.

Hartara, 2019ko udaberrirako martxan behar lukete portuan ezarriko dituzten garabi berri bik. Zamaketa lana azkartzeko eginen den inbertsio horrekin batera, Hondarra izeneko hondeagailuak 584.000 metro kubiko hondar eta lokatz erretiratu zituen iaz, "dragaren bidez portuko sartze-irteteak hobetuz".

Iaz 2.363.784 tona merkantzia igaro ziren Baionako portutik, aurreko urtean baino %1,26 gehiago. Aurreikuspenak zertxobait hobetu zituen portuak, ohiko industria egitasmoek espero baino emaitza hobeak izan zituztelako.

Horrez gain, Baionako ganberak nabarmendu duenez, etorkizuna bermatzeko erabaki garrantzitsuak hartu ziren iaz: Landetako Ijezkailuak enpresaren %60 erosi zuen taldea, Hierros Años taldea, aurtengo lehen hiruhilekoan bere ekoizpena merkaturatzen hasiko da. Urtero 500.000 tona ekoiztea espero duen enpresaren bilakaera garrantzitsua da oso portuarentzat, baita sektore berean jarduten duen Celsarena ere. Bigarren enpresa honek bi ijezkailu berri plantan emateko asmoa agertu du. Bere inbertsioa egikarituz gero, 300.000 tona merkaturatuko lituzke urtero Baionako portuaren bidez.