Sakonean
Alkohola eta gazteak

BIDEOA - Gaur egun nolakoa da gazteek alkoholarekin duten harremana? Datuen arabera, nahiz eta egungo belaunaldiek gutiago kontsumitzen duten, kontsumitzeko modua ezberdina da. Horretaz ere jabetu da Herri Urratseko elkartea. Badira bi urte gaiarekiko prebentzio neurriak plantan ematen dituela, ANPA erakundearen laguntzaz.

Iurre BIDEGAIN|2018/02/19 07:45|0 iruzkin
Loading player...

Alkohola nerabeek gehien kontsumitzen duten substantzia da. 2005tik 2014era urtean behin mozkortu diren pertsonen kopurua %33tik %46ra pasa dela dio Gazte eta hezkuntza popularraren Erakunde Nazionalak (INJEP). Urtean hiru aldiz mozkortu direnen kopurua, ordea, kasik bikoiztu da: %15etik %29ra. Haatik, azken kontsumo tasa apaldu dela diote adituek. Horren ordez, fenomeno berriak agertzen dira. Herri Urratsen ere ohitura aldaketez jabetu direla azaldu du Estelle Goñi bestaren arduradunak. Alkoholaren kontsumoaren problematikari aurre egiteko, hainbat desmartxa antolatu ditu elkarteak.

Ipar Euskal Herriko alkoholaren kontsumoari buruzko datuak ezezagunak dira. Gaur egun, soilik Estatu frantses mailakoak zein Akitania Berrikoak plazaratu dituzte. Pierre Dalouède psikiatra eta Bizia elkarteko zuzendariak dioenez, alkohola eta gazteen arteko lotura "arau" bat da. Gizartearen garapenak eta prebentzio neurriek kontsumoa murriztea ahalbidetu dute. Elodie Negre ANPPA elkarteko zuzendariaren erranetan, nahiz eta kontsumoa apaldu den, kontsumitzeko moduak aldatu dira.

Hain zuzen ere, azken urteetan "botellon" fenomenoa geroz eta presenteagoa da. Hots, gazteek ostatuetan kontsumitu ordez, haiek botilak erosten dituzte. Horrekin batera Iparraldeko Europan sortu zen "binge  drinking" deituriko fenomenoa geroz eta ohikoagoa dela aipatu du. Hau da, alkohola azkarrak fite edatea, ahalik eta azkarren mozkortzeko.

"Aitzineko belaunaldiek ezberdinki kontsumitzen zuten. Festa eta familia giroan zen, batez ere. Gaur egungo belaunaldiek beren artean kontsumitzen dute, mozkortzeko helburuarekin", aipatu du Elodie Negrek.

Pierre Dalouède psikiatraren erranetan, alkohola "plazera ematen" duen substantzia da. Bestarekiko lotura kulturala atzeman daitekeela dio. "Nork imajinatzen ahal ditu Baionako edo Iruñeko bestak alkoholik gabe?", gehitu du.

Garapen nabarmenik ez

Herri Urrats elkartearentzat alkoholaren kontsumoaren gaia garrantzitsua da. Problematikari aurre egiteko, hainbat desmartxa burutzen ditu. Hala nola, bestan plantan ematen duen afixaketak. Bai, gazteei zuzendurikoa baita ostatuaren lan egiten duten burasoei zuzendurikoa ere. Azken horrek salmentari eta legeari buruzko informazioak eskaintzen ditu, batez ere.

Gainera, badira bi urte ANPAA elkartearekin lan egiten duela elkarteak. Bestan parte hartzen dutenei formakuntza bat eskaintzeaz gain, Senpereko lakuan presente dago ere.