Iurre BIDEGAIN

Urrea ustiatzeko egitasmoaren deuseztapenarekin, poza nagusi

Lapurdin urrea ustiatzeko proiektua bertan behera gelditu zela jakin eta, ihardokipenak biderkatu dira Ipar Euskal Herrian. Eragile politiko zein elkarteek beren poza adierazi dute. Hala nola, Vincent Bru diputatua, EH Bai alderdia, Bizi eta Stop Mines EH elkarteak.

Bizik Sudmine enpresako zuzendariaren etxean egindako ekintza. © Iurre BIDEGAIN
Bizik Sudmine enpresako zuzendariaren etxean egindako ekintza. © Iurre BIDEGAIN

Sudmine enpresaren proiektua lurperatu du Ekonomia eta Finantza ministeritzak. Bruno Lemaire Estatu frantseseko Ekonomia ministroak urrea ustiatzeko eskaerari ezezkoa eman dio. Albistea argitaratu eta, Vincent Bru diputatuak helegite bat aurkezteko epea pasatua zela baieztatu du. Horiek horrela, proiektua bertan behera gelditu da. Erabakiak poza eragin du elkarte zein eragile politikoengan.

Hauek dira beren ihardokipenak:

Vincent Bru diputatua:

"Biziki kontent naiz egitasmo hori ez delako burutuko Ipar Euskal Herrian. Gizarte osoarentzat, interes orokorraren kontra doan proiektua da. Laborantza, ondare eta ingurumenaren aurka jotzen du. Kontutan harturik, besteak beste, hautetsien, auzapezen, Euskal Elkargoaren eta Komertzio eta Industria Ganbara ezadostasuna, ezin da ulertu Sudmine enpresaren nahia. Sostengu guti zituen ideiak, beraz pozten naiz lurperatua izana eta espero dut betirako izanen dela. Gure herrien sarbideetan ikusi daitekeen bezala, ez dugu urre ustiaketarik nahi".

EH Bai mugimendua:

Abertzaleen aburuz, "itxura gabeko" proiektua  zen. "Ingurugiroari dagokionez, nabarmendu behar da, urre estrakzioak neurrigabean eginen zirela eta horrek, belaunaldi berriengan kalteak eragingo zituela". Ipar Euskal Herriko herrien lanari esker lortutako berri "on"  bat dela nabarmendu du. "Garaipen honek, argi uzten du, Parisen hartutako erabaki bat oztopatzen ahal dugula. Euskal Herriko ahotsa entzuna izaten ahal dela, zentzugabeko eta suntsitzaileleak diren proiektuen aurka".

Bizi elkarteko Mattin Ihidope:

"Mobilizazioak erantzunak ekartzen dituela frogatzen du. Lurralde oso batek proiektu horren kontra jo du, ez zuelako zentzurik eta sobera lanjerosa zelako. Bizik oroitarazi nahi du iragan mendeko proiektuak direla. Ustiapen eta garapen ekonomiko industrial zaharkitu horrek bere bidea agortu du. Gaur egun, beste erronka batzuk ditugu".

Thierry Michel Stop Mines EH elkarteko lehendakaria:

"Oso pozik eta soleituak gara. Bretainiarrei esker garaiz erantzuten jakin dugu. Baimena lortu baino lehen mobilizatu gara. Askotan jendea baimena lortu ondotik mobilizatzen hasten da eta ez da itxoin behar. Bizitzan pertsona batzuekin ez da eztabaidatu behar. Sudmine enpresa horietariko bat da".