Iurre BIDEGAIN

Euskaraz egindako hitz hartzeak eztabaida piztu du Uztaritzeko herriko etxean

Uztaritzeko hautetsi batek euskara hutsean egindako hitz hartzeak kalapita sortu du herriko etxean. If Machicote hautetsi abertzaleak aldi bereko itzulpen zerbitzu bat plantan ezartzea eskatu dio auzapezari. Oposizioko taldea, fermuki, kontra agertu da.

Uztaritzeko herriko etxea iruditan. (Wikipedia)
Uztaritzeko herriko etxea iruditan. (Wikipedia)

Eztabaida iragan abenduko kontseiluan piztu zen eta oraindik argitzeke dago. If Machicote hautetsi abertzaleak hitza euskara hutsean hartzea erabaki eta, Jean-Claude Saint Jean Ustaritz Avec Bon Sens taldeko hautetsiak, "beste hautetsiekiko errespetuz" itzulpena eskatu zion.  Galdea errefusatzeaz gain, aldi bereko itzulpen zerbitzu bat ziurtatzea galdegin dio Bruno Carrère auzapezari. Azken horrek gaiari buruz hitz egitea errefusatu du, "lehenik barne mailan tratua izan behar delako".

Mandatu hasieratik, euskaraz egindako hitz hartzeak ahoz itzultzen dituzte hautetsiek. If Machicoten iritziz, hizkuntza eskubideen defentsan, bukaera eman behar zaio egoera horri. "Ez du zentzurik itzulpen bat egiteak. Euskaraz ez dakitenen gabeziari erantzun behar da".

Horretarako, euskaraz egindako azalpenak frantsesera itzultzea aldarrikatu du hautetsi "eledun guztioi aukera berdinak izan dezaten". Machicotek itzulpen zerbitzuaren kostua jakinarazi dio auzapezari. Hain zuzen ere, 1.500 euroko kostua izanen luke.

Eztabaidatzeko aukera

Jean-Claude Saint-Jean fermuki proposamenaren kontra agertu da. "Publikoki hizkuntza ofiziala frantsesa da. Haatik, hitz hartzea euskaraz izatea eta frantsesez itzultzea komeni zait", gehitu du. Ahoz itzulpen bat egiteak beste hautetsiekin eztabaidatzeko aukera eskaintzen duela uste du.

"Nire ustez, orain arte bezala segituko bagenu, euskararen onerako litzateke. Besteekiko irekiak izan behar gara, gu geu izaten segituz. Nire iritziz, horrela aitzinatuko gara", nabarmendu du. Bere erranetan, euskararen defentsan "beste hainbat gauza egin daitezke".