Enplegatzaile eta lana bilatzen duten gazteen arteko topaketa

Biarritzeko Herriko Etxeak udako lanei buruzko topaketa bat antolatu du otsailaren 15erako. Enplegatzaile eta lana bilatzen duten gazteak harremanetan ezartzeko xedea du ekimenak.

Kazeta|2018/02/14 08:00|0 iruzkin
Conductora
Eskaintza hamazazpi eta hogeita bost urte bitarteko gazteei zuzendua da. ©Nafarroako Gobernua

Badira hamaika urte Biarritzeko Herriko Etxeak eta gazteei zuzenduriko zerbitzuak ekimena antolatzen dutela. Udarako lana bilatzen duten gazteek enplegatzaileekin harreman zuzena ukaiteko aukera dute. Aurtengo hitzordua otsailaren 15ean iraganen da 14.00etatik 18.00etara hiriko Casinoan.

Ekimena hamazazpi eta hogeita bost urte bitarteko gazteei zuzendua zaie. Orain arte desmartxak izandako arrakasta azpimarratu du Herriko Etxeak. Hain zuzen ere, gazteei 500 bat lan eskaintza proposatuak zitzaizkiela dio.

Gisa berean, Gazteen guneak, Gazteei informazioa eskaintzeko bulegoarekin batera, "Baby Contact" deituriko zerbitzua proposatzen du. Hau da, hamazazpi eta hogeita bost urte bitarteko gazteek izena eman dezakete haurrak zaintzeko edo etxeko lanak egiten laguntzeko. Zerbitzua gazteak eta partikularrak harremanetan ezartzeaz arduratzen da.

Herriko Etxeak azaldu duenez, zerbitzua familia euskaldunei ere eskaini nahiko lieke. Horretarako, euskara dakiten gazteei parte hartzeko deia luzatu die.