Patxa plaza berria hautatu dute

Orotara 395 pertsonek hartu dute parte Patxa plaza berritzeko antolatua zen bozketan. Atzo iragarri zuten gehiengoak defendatu duen proiektua.

Haritz LARRAÑAGA|2018/02/10 09:05|0 iruzkin
Place_patxa
Kontsultaren emaitzak Baionako Euskal Museoan aurkeztu zituzten. @MBISAUTA

Baionarrek atzo erabaki zuten nolako Patxa plaza nahi duten. Hamaika urtetik gorako Baionako biztanle edo Patxa plazaren erabiltzaile orok (nahiz eta baionarrak ez izan) zortzi proiekturen artean hautatzeko aukera izan du.

Atzoko kontsultan ateratako emaitza Herriko Etxearen esku geratuko da eta, aurrerantzean, galdeketa bultzatu duen Patxa Plaza Kolektiboaren zeregina herritarrek egindako hautua gauzatuko dela bermatzea izango da.

Iluntzean zabaldutako datuen arabera, guztira 395 lagunek hartu dute parte ekimen honetan, Gara egunkariak dioenez. Gehienek Internet bidez eman dute botoa, atzo zuzenean bozkatu zuten 15 lagunak kenduta. Emaitzei dagokienez, bozkatuena plazan zuhaitzak jartzea planteatzen zuen proposamena izan da; bigarrena, landarez hornitutako horma egitea, eta hirugarren tokian geratu da baratze kolektiboak egokitzeko ideia. Pilotalekua egokitzea, trukerako armairuak ipintzea, haurrentzako jolasak ipintzea, piknik-erako mahaiak eta komunak jartzeko ideia, berriz, aipatutako ordenan geratu dira jasotako bozen arabera. Antolatzaileak pozik agertu ziren izandako parte hartzearekin.

Lehen kontsulta

Patxondo Peña, Zizpa gaztetxea, Patxoki, Bizi eta Mamitxula elkarte feministak osatzen duten Patxa Plaza Kolektiboak antolatu duen bigarren kontsulta izan zen atzokoa. Lehena iazko urriaren 21ean egin zuten eta helburu nagusia herritarren proposamenak jasotzea zen.

Lehen itzuli hartan herritarrek adierazi zituzten ideia, behar eta proposamenak oinarri hartuta zortzi aukera osatu zituzten eta atzo aukera horien artean hautatu ahal izan zuten galdeketan parte hartu zutenek.

Lehen kontsultan 149 lagunek hartu zuten parte eta proiektua abiatu aitzin zenbait irizpide finkatzeko balio izan zuen. Hala nola, eremua libratzeko parkinga kentzea, plazari izaera ematen dioten horma-irudiak mantentzea, lurzorua konpontzea, gauean argitasuna handitzea, gunea landarez hornitzea, “Patxa plaza” izen ofizial egitea (“Place du Trinquet” da egun izen ofiziala) eta zaborrontziak lekuz aldatzea izan ziren egitasmoa marrazten hasi aitzin finkatu zituzten irizpideak.

Hasiera batean, 433 ideia jaso zituzten, gero antzekotasuna zuten ideiak multzotan sailkatuz 17 proposamen atera ziren, eta azkenik, multzo horietako ideia nagusiak azpimultzotan sailkatu ostean, zortzi dira hautagaitzarako aurkeztutako proposamenak.

Aste osoan zehar Internet bidez bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek Udalaren webgunean. Egun aparkaleku gisa erabiltzen den plazaren birmoldaketa lanek zein norabide hartuko duten erabaki da, baina lanak egiten noiz hasiko diren oraindik ez du zehaztu Baionako Herriko Etxeak.