BO-ren zelaian euskararen presentzia indartuko duen hitzarmena

Biarritz Olympique eta Herriko Etxeak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute euskararen presentzia ziurtatu eta garatzeko. Zelaian euskal kultura agerian eman nahi duen akordioaren baitan, hainbat neurri plantan emanen dituzte. Hala nola, animazio zein komunikazio elebidunak.

Iurre BIDEGAIN|2018/02/08 08:15|0 iruzkin
Harinordoquy-rugby
Klubeko komunikazioa elebiduna izanen da hitzarmenari esker. (Bob EDME)

Ez da lehen aldia euskararen presentzia sustatzeko hitzarmena izenpetzen duela Biarritz Olympique errugbi taldeak. 2004an kirol taldeak, Biarritzeko Herriko Etxeak, Euskararen Erakunde Publikoak (EPP) zein AEK-k akordio bat sinatu zuten hizkuntzaren erabileraren alde. Garaian, seinalitika elebiduna ziurtatzeaz gain, jokalari eta langileei euskarazko formakuntza bat proposatu zieten.

Viviane Ithursarry Biarritzeko Herriko Etxeko euskara misio kargudunak dionez, "segipen eskasa" dela eta, hitzarmenaren mamia "higatu" zen. "Hatsa galdu zuen", erantsi du. Arnasa berriz hartzeko nahiak gidaturik, hitzarmen berria burutzea proposatu zuen euskararen ahalmen ordezkaritza duen Maialen Etcheverry hautetsiak. Horiek horrela, duela aste batzuk Michel Veunac Biarritzeko auzapezak eta Nicolas Brusque klubeko presidente ohiak ituna sinatu zuten.

Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais taldeen arteko derbyak hasiera eman zion akordioari. Partidan bertan, animatzaileek mezuak euskaraz zabaldu zituzten. Horrez gain, komunikazioa, hala nola, zaleei bideratutako konsignak, elebidunak izan ziren.

Ithursarryk aipatu duenez, etorkizunean iraganen diren partida garrantzitsuetan animazio elebiduna ziurtatuko du klubak. Besteetan, ordea, animatzaileak euskararen erabilera bermatzeko xedez, "ahaleginak" eginen dituela erran du.

Etorkizunerako, lankidetza garatu

"Euskararen presentzia indartuko dute seinalitikan", gehitu du euskara misio kargudunak. Gisa berean, badira hamalau urte egin bezala, euskaraz ikasteko parada eskainiko diete jokalari eta klubeko langileei. Hogeita hamar orduko formakuntza batean parte hartzen ahalko dute, hain zuzen.

Euskal kultura sustatu nahian, euskarazko zerbitzuarekin batera artista euskaldunen fitxategi bat osatuko dute. Horrela, euskal artistak Biarritzeko partiden programazioaren parte izanen dira.

Maialen Etxeberrik nabarmendu duenez, izenpeturiko hitzarmena "lehen urrats bat da". Hots, etorkizunerako lankidetza sakontzeko xedea dute partaideek. Ildo horretatik, euskararen presentzia garatzeko lantalde bat osatuko dutela iragarri du hautetsiak. EEP, Herriko Etxea eta klubak berak parte hartuko dute horretan.