Amikuzeko irratia estreinatuko dute otsailaren 10ean

Berriki emititzen hasi den Amikuzeko irratia ofizialki estreinatuko dute otsailaren 10ean. Goizeko 11.00etatik aitzina saio berezi bat proposatuko dute Donapaleuko estudiotik.

Kazeta|2018/02/08 08:00|0 iruzkin
Amikuze
Amikuze Irratiak bere lehen saioa eskaini zuen urtarrilaren 29an. © Euskal Irratiak

Urtarrilaren 29az geroztik, programazioari eutsi dio Amikuzeko irrati berriak. Eskualdean orain arte zuen presentzia eskasari erantzun nahi izan dio proiektuak. Herritarren parte hartzearekin eraiki duten komunikabidea ofizialki estreinatuko dute otsailaren 10ean, Donapaleun (Thiers karrikako 25. zenbakian).

Ekimen berezian, 11.00etatik aitzina, Euskal Irratietan saio berezia eskainiko dute parte hartzaileek. Gainera, aurtengo kanpainari hasiera emanen diotela azaldu du Kattalin Indaburu Irulegiko Irratiko langileak.

Urtarrilean ibilbidea hasi duenez geroztik, hainbat saio proposatzen ditu irratiak. Goizero, 09.00etatik 10.00ak arte, animazioak badira. Arratsaldean, 18.00etatik 19.00ak arte, albisteak, gomitak zein musika entzuten ahal da. Halaber, astelehenetan, 13.00etatik 14.00etara kirolaz hitz egiten dute. Indaburuk aipatu duenez, Euskal Irratien sarean egunero, 10.00etatik 11.00etara, entzun daitezkeen kantu eskaintzak Amikuzetik egiten dira ere.