Biarritz: aparkatze politika berriaren kontra, mobilizatzen segitzeko prest

Biarritzeko Herriko Etxeak plantan eman duen aparkatze politika berriak haserrea piztu du. Otsailaren 8an, dendarien elkartea berriz ere elkartuko da Herriko Etxeko ordezkariekin aterabideak bilatzeko xedez. Elkarteak Portu Zaharren gunea berriz ere urririk izatea aldarrikatu du.

Iurre BIDEGAIN|2018/02/07 07:30|0 iruzkin
Gar_parcmetres_st_jean_bobedme103
Aparkatze politika berria plantan eman zuen Biarritzeko Herriko Etxeak urtarrilaren 1ean. © Bob Edme

Urtarrilaren 1az geroztik, kanpoko aparkalekuen kudeaketaren eginkizuna hirien esku utzi du Gobernu frantsesak. Hori dela eta, auzapezak aparkalekuaren antolaketaz arduratzen dira. Bazterrak asaldatu ditu neurri berriak Biarritzen. Orain arte aparkatzeko urririk ziren gune batzuk ordainpekoak dira, hala nola, Portu Zaharra. Hiriko langilak, herritarrak zein dendariak beren haserrea adierazteko mobilizatu dira.

Denbora luzerako aparkatzen diren autoak saihesteko helburuarekin, neurri berriak plantan ezarri ditu Biarritzeko Herriko Etxeak. Hondartzetatik zein saltegietatik hurbil den gunean ordu-markagailu berriak instalatu ditu. Hiru ordu gehienez aparkatzeko parada eskaintzen dute. Prezioa? 4.50 euro hiru ordurentzat.

"Urte osoan Portu Zaharreko auzoa ordainpekoa ez izatea aldarrikatzen dugu", nabarmendu du Sonia Rodrigues Mazagran-Sainte-Eugénie-Port Vieux dendarien elkarteko lehendakariak. Halaber, "hiri guzietan bezala", ordu batez urririk aparkatzeko parada izatea exijitu du taldeak.

Gaur egun ez dago inolako harpidetzarik kanpoko aparkalekuentzat. "Dendarientzat karta berezi bat galdetzen dugu, baina ez gaur egungo prezioan. Berrogeita hamar euroko harpidetza bat gehiegizkoa litzateke", erantsi du Rodriguesek.

Proposamen baikorren esperoan

Politika berria dela eta, ezin da matrikula bera sartu bi aldiz ordu-markagailuetan. Horrek erran nahi du, hiru orduak pasa eta, autoa lekuz aldatu behar direla. Rodriguesek aipatu duenez, azken neurri hori aldatzeko, Herriko Etxea hausnartzen ari da.

Neurria aztertzen duen bitartean, mobilizazioek segitzen dute. Iragan ostiralean, Alliance Estatuko polizien sindikatuak deiturik, ehun bat manifestari bildu ziren komisaldegiaren aitzinean. Herriko Etxeak ez diola bere problematika azaltzeko parada eskaini salatu dute sindikalistek.  

Otsailaren 8an, berriz ere, biltzekoak dira Herriko Etxea eta elkarteko ordezkariak. "Proposamen baikorrak espero ditugu. Ez bada horrela, mobilizazioekin segituko dugu. Emaitzaren arabera erabakiko dugu baina manifestazio handi bat antolatzeko prest gaude", erantsi du presidenteak.