Handia : talentuaren hizkera

Ez dute besteek bezala lan egiten, ezta zinema modu berberean ulertzen ere. Badute ikuspuntu bereizgarri bat, molde eraginkor bat. Ez da soilik zuzendaria arrakastaren burua, ezta aktorearen abilezia ere. Talde ikuspegia norbanakoaren gaineko muga da "Handia" filmaren atzean daudenentzat. Talentuaren hizkera bere egin dute.

Ariane KAMIO|2018/02/05 08:20|0 iruzkin
Handia_
handia

Txiki eta handi. "Handia"-rekin hitz joko horrek dagoeneko ez du balio, ñimiñotasunaz gaindiko mugak aspaldi zeharkatu baitzituen, ez filmak bakarrik, Moriarti taldeak baizik. Hauena ez da urtebeteko bidaia turistikoa izan euskal zinemagintzaren alorrean. Beren hastapena ere ez zen "Loreak" filmarekin abiatu. Urteetan atzerago eman zituzten bidea urratzeko lehenengo urratsak –"Sintonia" (2005), "Lucio" (2007), "On the line" (2008), “El Metodo Arrieta” (2013)...–.

Baina agian "80 egunean"-ek (2010) –Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendua– erakutsi zuen hor atzean bazela euskarazko zinemagintzak ordura arte inoiz edo gutxitan erakutsitako argi berezi bat. Eta hori ez dut nik bakarrik defendatzen. Urte bereko Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izan zen. Prentsarako pase batean. Udaberriko goiz batez. Jose Luis Rebordinos ez zen oraindik Donostiako Zinemaldiko zuzendari, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteko buru zen oraindik. Aretotik (Victoria Eugenia antzokitik) ateratzerakoan, eguzki printzen esperoan-edo, iritzi labur batzuk trukatu genituen berarekin. Ez da akordatuko. Ez du zertan halakorik gogoratu ere. Baina gurutzatutako hitzetan baziren bat etorritako hainbat hausnarketa. Film hark bazuen ordura arteko euskarazko zinemagintzatik bereizten zuen ezaugarririk. Narrazioa zitekeen, tempoa agian. Baina, oro har, estetika desberdin batean kokatutako lan bat zen. Norbaitek behetik gora koska bat gorago kokatu izan balu bezala. Zerbait desberdina bazetorrela iragartzeko moduko filma zen –batzuek esango dute lehenagotik ikusten zela aldaketa; izan daiteke, baina nik ez dut gogoratzen–.

Ondoren etorri zenak gehiengoak du gogoan. "Loreak"-ekin, Garaño eta Goenaga berriro zuzendari zirela, Goya sarietan izan zen taldea –eta “talde” hitza errepikatzeko ahalegina egingo dut zinemagintzako funtzionamendu estandarretik at dagoen sortzaile sorta baita Moriarti–, baina ez zuen sari bakar bat ere lortzeko nahikoa zorterik izan.

"Loreak" filmak ez du berezko akziorik, ez ekintza zehatzik. "Loreak besterik ez dira". Baina narrazio poetiko-estetiko zaindu eta goi mailako baten erakusle izan zen. Madrilgo Akademiak ez zuen saritu, baina gutxira Hollywooderako txartela eskuratu zuen. Los Angelesera bidean jarri zuen berriro taldea Oscar sarietarako hautagaitzak. Euskarazko zinemagintza muga fisiko eta ideologikoak zeharkatzen hasia zen.

Hamahiru izendapen

Hamahiru izendapenekin egin zuen larunbatean Moriartik Madrilerako bidea. 22.00etik aurrera gertatuko zena zapuzgarria izan zitekeen, edo zoramen hutsa. Gertatutakoa gertatuta, arrakasta lortua zuen taldeak. Historian ikusle gehien izan dituen euskarazko filma zen dagoeneko. Gaztelerazko "película taquillera" esaerari euskarazko esapideak asmatu ez ezik, asimilatzen jartzeko moduko lorpena. Historian Goya sarietan izendapen gehien lortu zituen euskarazko filma zen. Nahikoa arrazoi metatuak zituzten, ezer hasi aurretik, egindakoagatik sobera harro egoteko.

Baina historia egiten jarraitzea erabaki zuten, hamahiru hautagaitzetatik hamar sari eskuratuta. Akademia espainolaren historian ez dago tartean pelikula eta zuzendari onenaren sariak izan gabe hamar sari jaso dituen filmik. Kasualitatea, horretan ere lehenengoak izan behar. Isabel Coixetek ("La libreria") eraman zituen.

Halako sariketetan eman ohi diren sari potoloenak, preziatuenak, nagusienak –edo nahi den bezala deitu– eskuratu ez bazituzten ere, talde ia osoa itzuli da estatuatxo batekin etxera. Makillajea, jantziak, muntaia, musika originala, gidoi originala, ekoizpen zuzendaritza, zuzendaritza artistikoa, efektu bereziak, argazki zuzendaritza eta Eneko Sagardoyren lanari errekonozimendua eman zion saria.

Eta nator berriro taldera, arrakastaren aurreko helburuetan jartzen den izaera kohesionatura. Aitor Arregik berak, gidoiaren saria jaso zutenean, taldekideen lana goraipatu zuenekora: "Zuek gabe ez ginateke hemen egongo". Posea izan zitekeen, asmazio oportunista, baina edozein elkarrizketatan azpimarran jartzen duen gaia da. Norbanako askoren talentuak egin du “Handia”-rekin gailurrerako bidea.

Burugogorkeria

Migel Joakin Eleizegiren historia Tolosaldetik gertu bizi direnen memorian iltzatuta dago. Historia originalak berak sortzen duen zirrarak eragiten du hori. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Jon Garañori, haurra zela ikastolarekin Altzora egindako txangoaren ondoren.

Zuzendariak berak aitortua da burugogorkeria etengabearen ondoren lortu zuela proiektuaren onarpena. Onarpena, bai. Taldean eztabaidatzen baitira gero zinemara eramango diren proiektuak. Besteak konbentzitzen ez badituzu, akabo. Eta Jon Garañok galbahea pasa behar izan zuen behin baino gehiagotan. Taldekideak proiektuarekin bat egitea lortu zuen arte azkenean.

Moriartik duen lan moldea ez da ohiko zinemagintzako estandarretara mugatzen. 2001ean zinemarako zein telebistarako produktuak egiteko bokazioz sortu zen ekoiztetxea. Eredu kolaboratiboaren baitan lan egiten dute. Hurrengo proiektuetarako galbahe komunak jartzeaz gain, egitasmo bakoitzean taldekideen rolak ere aldagarriak dira. Kasuan, Garañok Aitor Arregirekin partekatu du zuzendaritza. Eta Jose Mari Goenaga gidoigintzan aritu da Andoni de Carlosekin batera.

Jon Garañok buruan zuen proiektua "saltzearen" burugogorkeria ez da taldearen bakarra izan. Hizkuntzak egiten gaitu euskaldunok handi, eta hizkuntzak egin izan gaitu askotan garena baino txikiago. Argi geratu da, ordea, talentuak ez duela hizkuntzarik berbagai, ikusgai edo irakurgai. Nork bere buruan, nork bere komunitatean dituen mugak gainditzeko hizkuntzaren jabetza da kasuan giltzarria. Eta zorte pixka bat ere bai. Kontuan izanda, batez ere, euskarazko zinemagintzak ez daukala industria propiorik, eta nahitaez, Estatu espainoleko, Estatu frantseseko edo nazioarteko azpiegituretara jo beharrean dela, batez ere finantziazio asmoak bete ahal izateko.

Talentuak eskatzen duen hizkera artistiko propioan baltsa bat eraikitzen jakin du Moriartik zinemagintzaren ozeanoan. Etxe barruko lantaldeak ez ezik, aurreko proiektuetan bidelagun izan dituzten baliabide humano berberak erabiliz. Nabigazio kolektiboa dela esan daiteke, sariak eurak ere kolektibotasunaren emaitza gardena baitira. Errepikatzeko modukoa.