Kazeta

Kanaldude : emankizun berezi bat proiektu berria aurkezteko

Otsailaren lehenerako hitzordua eman du Kanaldudek. Hortik landa, etengabeko jario bat proposatuko du egunero 6etatik 11etara.

Gazte talde batek "Busti" emankizuna ekoiztu zuen jadanik Kanalduderen languntzarekin.
Gazte talde batek "Busti" emankizuna ekoiztu zuen jadanik Kanalduderen languntzarekin.

Emankizun berezi bat antolatu du datorren otsailaren lehenerako Kanaldudek. Hain zuzen ere, bere proiektu berria aurkezteko parada izanen da. Arrastiriko 7etako hitzordua eman dute telebistako langileek.

Hitzordu horretatik landa, "etengabeko jario bat proposatuko dugu 6etatik 11etara" berdin azaldu du Kanaldudeko Allande Etxeberrik. Bertan hainbat saio edo ikuskizun izanen dira. Horien artean, Blai, Topatuko gazteekin egindakoa, edo Kilika, haurren saioa.

"Musika klipak edo zine gauak ere antolatuko ditugu" gehitu du Allande Etxeberrik. Dena den, proiektua poliki-poliki garatuz joanen dela erran du. Oraingoan, 15 bat langile daude egitasmo berria gauzatzen ari. Lan taldean urduritasun pixka bat nabaritu dela azaldu du batez ere.

Bestalde, harpidetzeko sistema bat plantan jarriko du Kanaldudek. Atal horretan fikzioak, dokumentalak, marrazki bizidunak baita azken hogei urteetako artxibo bereziak ere ukanen dituzte harpidedunek. Parte pribatuan, hori guzia eskuragai izanen dute, eta bertan, informazio berezitu bat eskainia izanen zaie.