Idoia ERASO

Fipa: ikus-entzunezkoen eremutik haratago doan eztabaida

Hautsak harrotu ditu aurtengo Fipa jaialdiko gonbidatu "gatazkatsuak", Israelek. Palestinarekin dagoen gatazka politikoak jaialdiko mugak gainditzen dituen eztabaida piztu du.

Aurtengo jaialdiak urtarrilaren 28ra arte iraunen du. ©Isabelle Miquelestorena
Aurtengo jaialdiak urtarrilaren 28ra arte iraunen du. ©Isabelle Miquelestorena

Israelen sortutako telesail eta dokumentalek mundu mailan oihartzun handia dute, bertako telebista gazteak lengoaia berritzaile eta ausarta ekartzen die bere produktuei. Han sortutako telesailen eskubideak erosi eta estatubatuar bertsioan mundu osora hedatzen dira, “Homeland” bilakatu zen “Hostages” kasu. Ikus-entzunezkoetan, beraz, Ekialde Hurbileko herrialdearen garrantzia saihestea zaila da, joerak markatzen dituen herria izanik. Baina, bestalde, Israelgo Gobernuak Palestinarekin duen jokabidea dela eta, FIPAk hango ikus-entzunezko produktuen promozioa eta hedapena sustatzeko duen zilegitasuna zalantzan jarri da gizartearen eremu ezberdinetatik, Garako artikuluak azaldu duenez.

Euskal Herrian eta munduan “gonbidatu bereziaren” hautaketa salatzeko hainbat ekimen izan dira. FIPAko antolatzaileei zuzendutako bi gutun ireki izan dira. Lehenak 100 zinemagile eta ikus-entzunezkoen arloko profesional elkartzen ditu, besteak beste, Ken Loach, Aki Kaurismaki, Mike Leigh, Rebecca O’Brien eta Mai Masri. Asteartean, jaialdiaren irekierarekin batera abiatu zen sinadura bilketan festibaleko arduradunek Israelgo Gobernuarekin kolaboratu izana salatu, eta boikota egitera dei egin zuten.

Jaialdia bera hasi baino lehen ere polemika izan zen, selekzio ofizialetik kanpo aurkeztu den “The Patriot” dokumentalari lotua. FIPAk emankizunari buruz egindako aurkezpenean hainbat frantses webgune antisemitatzat jotzen zituen, eta horietako batzuetako kazetariek gutun irekia idatzi zuten hori salatzeko. Horren ondorioz, Anne Georget jaialdiko presidente berriak barkamena eskatu zuen, eta parte hartzaileei banatzen zaien programan orrialde bat gehitu dute, aurkezpenaren testua aldatuz.

Bestalde, Gobernu frantsesak 2018a Frantziaren eta Israelen arteko elkarlan urtea izendatu du. Horri erantzunez, Estatu osoan zehar hainbat mugimendu, norbanako eta elkartek aurtengoa “Palestinaren urtea Frantzian” izendatu dute. Ekimen horren harira, eta Biarritzeko festibalari erantzunez biharko gaualdia antolatu da 18.00etan, Baionako Patxoki elkartean. Palestinako zinema, kantu eta hitz-hartzeekin batera jada ehunka sinadura bildu dituen Palestinaren aldeko gutun irekia ere emanen da ezagutzera.

Produkzio israeldarra eta atzerria

FIPAko gonbidatua izateak, herrialdeko sorkuntzen aurkezpen zabala eskaintzeaz gain, koprodukziorako aukerak zabaltzen dituzten hitzorduak antolatzea ere ekartzen du, eta urtarrilaren 24an ikus-entzunezkoen industriari lotutako hainbat mahai-inguru izan ziren. Nazioartean bertako produkzioa izaten ari den hedapen zabala agerrarazi zuten. Horren inguruan, Israelgo Ikus-entzunezko Agregatua den Bertrand Le Delezirrek baieztatu zuen: "Produktoreak ezagunak dira nazioarteko merkatura egokitzeko formatuak egiten dituztelako, bereziki AEBetara begira".

Atzerrira esportatzen diren edo koproduzitzen diren dokumental israeldarren gehiengoa gatazkaren ingurukoa dela nabarmendu zuten. Ez da, ordea, bertan egiten den gehiengoa, ezta ikusleria gehien erakartzen duena ere. Kanpoan ikusten diren dokumentaletan ez bezala, ez omen dira "zuriak edo beltzak, grisak baizik, hango gizartea oso konplexua delako eta ez da atzerrian ikusten den bezain sinplea", adierazi zuen Tamar Maromek Reshet telebistako ordezkariak.

Aurkezpenean parte hartzaile guztiek nabarmendu zituzten israeldar sortzaileen artean dagoen berritasunarekiko ausardia, autokritika gaitasuna eta askatasuna. Gaur egun telebista publiko, pribatu komertzial eta kable bidez hedatzen diren kateetan gizarte anitzaren ikusmolde ezberdinak islatzen direla esan zuten behin baino gehiagotan. Horren adibide jaialdiaren irekiera ofizialerako hautatu zen “Fauda” telesaila aipatu zen anitzetan. Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren bi alderdiak erakusten dituen emankizuna eredu gisa emana izan zen parte hartzaile guztien aldetik. Baina bigarren denboraldia abiatu duen telesailaren etengabeko aipamenak beste produkzioen ikuspegi aniztasuna zalantzan jartzen du.

Gizarte "gatazkatsuaren" aniztasunak ikus-entzunezkoetan duen eragina agertu zuen Maromek: "Israel ez da bizitzeko oso toki ona, baina oso ona da istorioak sortzeko, erlijioari loturiko gatazkak, sinestun eta ez sinestunen artekoak, judu eta palestinarren artekoak...".