Erreportajea
 
Eidos, jarduera digitala eta eskolaren arteko harremanaz gogoetatzeko foruma

Ehunka irakaslek Eidos deituriko forumean parte hartu zuten urtarrilaren 24an antolatu zuten Baionako Elkarteen Etxean. Ekimenak jarduera digitalari buruz irakaspenak ateratzeko xedea du.

Maite UBIRIA|2018/01/25 14:25|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-01-25_a_11
Aurtengoa hamargarren edizioa da. ©Isabelle Miquelestorena

Antzinako greziera hizkuntzan "ideia" adierazteko balio zuen "eidos" hitzak. Hain zuzen ere, izen hori hartu du egokitzapen teknikoari buruz gogoeta egiteaz gain ideia trukea bultzatu nahi duen hezkuntza foroak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren sostenguz duela hamar urte sorturiko eztabaidaguneak ehunka irakasle, ikasle eta hezitzaileren arreta pizten du, Garako artikuluak azaldu duenez.

Azken hamarkada horretan, ordea, gizartean gertaturiko aldaketaren isla izan da eskola. Forumak izena aldatu zuen 2014an, eta hezkuntzari buruzko jardunaldia zena jarduera digitalak hezkuntzan duen eraginaz gogoetatzeko gunea bilakatu zen.

Izan ere, neurri handi batean, bere izaerari heldu dio ekimenak. Antolatzaileetako batek urtarrilaren 24an aitortu zuenez, "aurten ere adituen hitzaldiak proposatzeaz gain, lehenengo lerroan jarri nahi izan ditugu gure inguru hurbileko ikastetxeetan teknologia berriak hezkuntzaren helburuekin uztartzeko garatzen diren ekimen praktikoak". Interneten bidezko hezkuntza eta media berriak aztertu dituen Stephen Downes aditu kanadarra bilakatu zen jardunaldiko izarretako nagusia. Oldaily newsletterraren sortzailearen esanetan, "ikasteko prozesua, finean, konexio egokiak egiten garatzen da". Filosofia horri jarraikiz irakasleen eta ikasleen arteko elkarlana proposatzen duen MOOC (Massive Open Online Cour) kurtsoa garatu du Downesek sarea baliatuta. Hartara Manitobako unibertsitateko 25 ikaslek jarraitu duten konektibitateari buruzko e-ikastaroa jaso ahal izan dute, doan gainera, beste 2.300 ikaslek.

60 bat esperientzia

Kanadako erdialdean kokatzen den probintziatik milaka kilometrora, teknologia eta musika uztartzeko ekimen xumea eman du plantan Frederic Wojtyniakek. Musika hezkuntzako irakasle, Baionako Marracq kolegioan 2010ean egin zituzten arramoldatze lanak baliatuz gela bat ekipamendu digitalarekin hornitzea proposatu zuen, "ikasle bakoitzari, indibidualki, musika lantzeko aukera emateko xedez".

30 ordenagailu, bakoitza bere teklatuarekin eta entzungailuekin. Oinarrizko material horiekin "musika sintetizatzen ikasteko baina baita ere sorkuntzari bide emateko gunea" eskuratu zuen Marracqeko irakasleak eta, zeresanik ez, bertako ikasleek.

Beste esperientzia anitz irakasleen aurrean azaltzeko balio izan zuen atzoko jardunaldiak. Sorkuntza numerikoa (digitala) lantzen duen Poitiers-eko Collectif Or Normes taldeak aitzinaraturiko egitasmo batean oinarrituz, Biarritzeko mediatekak eta Malraux lizeoko ikasleek idazketa tailerrak 3.0 abian jarri dituzte. Lan horren garrantziaz ohartuta, Florilege 3.0 aplikazioa denon eskura jarri dute hainbat plataformatan.

Andre Tricot Okzitaniako Tolosako unibertsitateko irakasleak berrikuntza pedagogikoari buruzko "egiak eta mitoak" aztertu ditu. Urtarrilaren 24an, iraultza digitalaren garaian bereziki irakasleen artean "hedatu diren aurreiritziak" uxatzen ahalegindu zen aditua. Françoise Cros gizarte eta eraberritze prozesuen ikertzaileak gustuko du Eidos forumean burutzen den bi munduen arteko topaketa. Bere ustez, ideiei buruzko eztabaida eta norberaren esperientzia bata bestearen ondoan jartzeko "ezinbesteko aukera" eskaintzen du forumak.

Ikasleek sarritan osatzen duten ilara egiten atzeman genituen irakasleek, beraien aldetik, "mamiaren eta praktikaren" arteko ezkontza hori izan zuten aipagai Eidos-era joateko arrazoiak azaltzeko orduan. Beraien artean, Larzabalgo Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko langile bi atzeman genituen: Mayi Saint-Esteben eta Maritxu Etcheto.

Bata dokumentalista lanetan jarduten du eta bestea Arte Plastikoetako eta Musika irakaslea da. Maritxu Etchetok lehen eskutik ezagutu du material eta programen aldaketa. Gaur-gaurkoz ordenagailuak arte heziketan erabat txertatuta daudela azaldu zigun irakasleak. Bere ondoan zuen Mayi Saint-Estebenek nabarmendu zigunez, berrikuntza digitalak bete-betean eragiten dio eguneko lanari, bere sailean "aldaketa azkarrak" izan direla nabarmenduz.

Biek ala biek onartu zuten hezkuntza alorrean batzuetan zalantzak badirela, bereziki teknologia berriei ikasgeletan eman beharreko tokiari buruz, "baita beldur batzuk ere ikasleek duten trebetasun teknologiko handiarengatik". Edonola ere, berrikuntza numerikoari bidea zabaltzea ezinbestekotzat jotzen dute. Hala ere, horrendako baliabideak beharrezkoak direla mahai gainean jarri zuen, berehala, Saint-Estebenek. Departamenduak atzoko foruma garapen digitalaren mesedetan egiten duen inbertsioa goraipatzeko baliatu bazuen ere, jakin behar da Seaskako kolegioek –beste 49 ikastetxe publikoek ez bezala– ez dutela horretarako laguntzarik jasotzen.