Kazeta

Kostaldeko logika Lapurdi barnekaldera zabaltzea saihestu nahi du EH Baik

Lapurdi barnekaldeko lurra eta etxebizitzaren kudeaketari buruz, deiadarra jo du EH Baik. Bere aburuz, beterik dagoen kostaldeko logika kosta-bitarte eremura zabaltzen ari da. Uztaritze, Kanbo baita Ezpeletan ere, higiezin egitasmoak biderkatzen direla nabarmendu du mugimendu abertzaleak.

Etxebizitza, lurra eta urbanismo arazoez deiadarra jo du EH Baik. ©Isabelle Miquelestorena
Etxebizitza, lurra eta urbanismo arazoez deiadarra jo du EH Baik. ©Isabelle Miquelestorena

2017ko urte amaieran INSEEk demografiari buruz eta, preseski, bizitokien bilakaerari buruz, bere azkeneko txostena plazaratu zuen. Baionako populazioak %0,8 gora egin zuela iaz jasotzen duen ikerketak beste fenomeno batez oharra egiten zuen. Lapurdiko hiriburuaren "erakargarritasunak" inguruko herrietan eragina baduela argiki erakutsi zuen estatistikak, Garako artikuluak azaldu duenez.

Baionatik gertu diren herrietan biztanle kopurua azkarki emendatu da azken urteetan eta eskaera horri erantzuteko higiezin proiektuak ugaritu dira.

Erroldari begiratuta, iazko urtean %3,6 emendatu zen Larresoroko populazioa, %3,3 Basusarrikoa, %3,2 Milafrangakoa... Hiru herri horiek dira biztanle emendaketarik handiena izan dutenak. Izan ere, Kanbo edo Uztaritze bezalako herriek ere oso antzeko egoera izan dute.

Baiona eta Donibane Garazi arteko errepidea hartuz gero, ezker-eskuin agertzen diren etxebizitzak saltzeko iragarki handiak begiratu besterik ez da behar herritarrengan piztu den kezkaz jabetzeko. Finean, azkeneko hamarkadetan kostako herrietako biztanleak –bereziki belaunaldi gazteak– kolpatu zituen egoera barnealdera zabaltzeko bidean da.

Euskal Herria Baiko Lapurdiko hautetsiek agerraldia egin zuten iragan larunbatean, Kanbon, egoera horren aurrean "berant izan aitzin" maila ezberdinetan neurriak galdegiteko.

Lege berria aurki

Herri mailan urrats batzuk eman ahal direla defendatu zuen EH Baik, besteak beste, Uztaritzeko Herriko Etxean agintzen duen koalizio zabalak etxebizitza sozialak eraikitzeko eginiko hautua nabarmenduz. Hala ere, hirigintza alorrean legeak kosta eta barnealdea bereizten dituenez, bigarren eremuko udalek askoz esku sartze eskasagoa dute afera honetan. Arau hori aldatzearekin batera, aurki Gobernu frantsesak Etxebizitza Lege berria proposatuko duenez eztabaidan eragiteko asmoa agertu du EH Baik. Horretarako, parlamentariekin bilerak eginen dituela iragarri du. Era berean, koalizioak antolatuko dituen ekimenetara hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete herritar guztiei Kanbon eginiko agerraldian.