Maite UBIRIA

Hamahiru urte bete dituen EHLGk laborariei babesa ematen segitu nahi du

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak hamahiru urte bete ditu sekorearen geroa bermatze aldera akuilu lana egiten. Etorkizunari begira, laborariak sostengatzen eta etxaldeen transmisioa sustatzen segitu nahi du.

Lurraren eskariari aurre egiteko eta, oro har, laborantza jardueraren geroa bermatzeko «estrategia orokor bat» sustatu behar dela uste du Benat Molimosek. ©Isabelle Miquelestorena
Lurraren eskariari aurre egiteko eta, oro har, laborantza jardueraren geroa bermatzeko «estrategia orokor bat» sustatu behar dela uste du Benat Molimosek. ©Isabelle Miquelestorena

Euskal Herriko Laborantza Ganberak egun osoko egitaraua prestatu zuen bere 13. urtemuga ospatzeko. Goizean, urteko batzarra egin zuten, eta bertan iazko bilana aurkeztu eta hasi berri den urteari begira ganberak dituen asmoak aurkeztu zituzten. Horretaz gain, ganberaren bultzadapean sorturiko behatokiak bere txostena aurkeztu zuen, laborantzak Xiberoan, Lapurdin eta Baxe Nafaroan duen itzalari neurria emanez, Garako artikuluak azaldu duenez.

"Lan hori hautetsiei aurkeztu ondoren pentsatu dugu agian interesgarria zela laborariei ere erakustea. Horregatik, ardi eta behi sailei dagozkien xifrak azaldu ditugu», erran dio GARAri Benat Molimosek. Francis Poineaurekin batera berak betetzen ditu gaur egun EHLGko lehendakaritzako funtzioak.

Molimosek asanblean finkatu zituzten helburu nagusiak laburbildu dizkigu. "Bere sorreratik egin duen bezala, ganberaren xede nagusia laborariei babesa ematea da, horrekin batera, etxaldeen transmisioa da beste ardatz garrantzitsua, ohartzen baikara politika azkarrak jarri ezean etxalde anitzek ez dutela segidarik ukanen", adierazi du.

Horregatik, laborariei zuzendutako formazioak nahi dituzte indartu, baita "lan kolektiboa azkartu" ere. Olioa, ogia edo haragiaren gainean azken urteetan martxan jarritako esperientziek "geroari begira bidea erakusten dutela" uste du. Lurraren eskasiari aurre egiteko eta, oro har, laborantza jardueraren geroa bermatzeko "estrategia orokor bat" behar dela sustatu uste du Molimosek. Euskal Hirigune Elkargoa sortu aitzin EHLGk mahai gainean proposamen bat jarri zuela gogoratuz.

"Laborantzarentzat egitura publiko bat sortzea, jarduerari lotuak diren aktore guztiak bilduz, planteatu genuen; eta Elkargoarekin harremanetan gaude, gure ustez aurten behar direlako gauzak aitzineratu, heldu den urtean gure sailean hauteskunde profesionalak ditugu eta horren aurretik hautuak hartu behar direla uste dugulako".

Akuilu lana egiten segitzeko "nahikeria osoa" dutela erran ostean, urtebetetze eguna ospatzeko "eta borroka egiten segitzeko indarra hartzeko" baliatuko zutela esan du.