Kazeta

Notre-Dame-des-Landeseko aireportuaren egitasmoa bertan behera

Edouard Phillips Lehen Ministroak Gobernuak Notre-Dame-des-Landeseko aireportuaren proiektua bertan behera utzi duela iragarri du urtarrilaren 17an. Ministroaren erranetan, ez dira beharrezkoak diren baldintzak betetzen egitasmoa burutzeko.

Notre-Dames-des-Landeseko aireportuaren egitasmoa bertan behera utzi izana ospatu zuten urtarrilaren 17an Baionan. ©Bob EDME
Notre-Dames-des-Landeseko aireportuaren egitasmoa bertan behera utzi izana ospatu zuten urtarrilaren 17an Baionan. ©Bob EDME

Notre-Dame-des-Landeseko aireportua burutu ahal izateko "baldintzak betetzen ez direla" baieztatu du Edouard Phillips Lehen ministroak. Bere aburuz, ezin da gisa horretako proiektu bat aitzina eraman populakuntzaren kontrako jarrera kontutan harturik. "Notre-Dame-des-Landesekoa, gaur egun, zatiketaren aireportua da. Beraz, bertan behera utzia izanen da", iragarri du.

ZAD (Babestu Beharreko Gunea) deituriko gunea ebakuatuko dutela erran du Phillipsek. "Notre-Dame-des-Landes zeharkatzen dituzten hiru bideak libre gelditu behar dira. Zirkulazioa berriz plantan ezarri behar da", ohartarazi du. "Legez kanpoko okupatzaileak heldu den udaberria baino lehen gunetik joan beharko dira, bestela kanporatuak izanen dira", gehitu du.

"Ezohiko erabaki bat da, ohiz kanpokoa den tokiko egoera batentzat", nabarmendu du. Gobernu frantsesaren erranetan, Grand Ouest zonaldeak Estatu Frantsesa eta Europarekin lotua izan behar du. Aterabide bezala, Nanteseko aireportuaren berritzeari lehentasuna emanen diotela azaldu du. Hasiera batean, bidaiari gehiago errezibitzeko, Nanteseko aireportua modernizatuko dutela aipatu du. Gisa berean, Renneseko aireportua ere garatzea aurreikusi du Gobernuak.

ZAD Gunean albistea poztasun handiarekin jaso dute.