Maite UBIRIA

Lurralde politika zehaztea lehentasuntzat jo du Euskal Elkargoak

Herriarteko Kontseilua bildu ondotik, urte berriari begira jarri eta erronkak zeintzuk izanen diren azaldu du Jean-René Etchegaray lehendakariak Saran.

Kanboko Herriko Etxearen deliberoa berretsi zuen Herriarteko Kontseiluak. ELBko eta Lurzaindiako kideek elkarretaratzea egin zuten laborantza lurren eskasia salatzeko. ©Isabelle Miquelestorena
Kanboko Herriko Etxearen deliberoa berretsi zuen Herriarteko Kontseiluak. ELBko eta Lurzaindiako kideek elkarretaratzea egin zuten laborantza lurren eskasia salatzeko. ©Isabelle Miquelestorena

Lehen urtemuga beteta –2017ko urtarrilaren 23an eratu zuen biltzarra–, Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdi bere baitan hartzen dituen Euskal Elkargoak 2018ko urteari begira agiantza-ekitaldia antolatu zuen, urtarrilaren 15ean, Saran, Garako artikuluak azaldu duenez.

Elkargoko kideen eta gonbidatuen aitzinean –Gilbert Payet prefeta eta Isabel Elizalde nafar sailburua– erakundeko buruek 2017ko bilana egin eta hasi berri den urteari begira Elkargoak zehaztu dituen egitasmoak azaldu zituzten.

Lurralde politika erabakitzea izanen da eginkizun nagusia, uda baino lehen eskuduntza mapa zehaztearekin batera. "Guztion etxearen zutabeak ezarriak" direla adierazi ostean, arloz arloko jarduerak aletu zituen Jean-Rene Etchegaray lehendakariak Sarako ekitaldian. Hain zuzen ere, urteko lehenengo osoko bilkuran erakundeko Herriarteko Kontseiluak hainbat erabaki aitzineratu zituen jada iragan larunbatean, bide batez gogoeta batzuk plazaratuz.

Hartara, Garapen Kontseiluari buruzko eratze prozesua finkatu zuen. Egitura horrek orain arte bezala elkarte izaera izatea edo, bere autonomia mugatuz, elkargoaren agindupean ezartzea erabaki behar zen. Azkenik, gehiengo zabalak, orain arteko ibilmoldearekiko errespetuz, "estatutuetan eta osaketa aldetik" egin beharreko moldaketak egin ondoren, elkarte izaerari eustearen alde bozkatu zuen.

Garapen Kontseilua eratzeko hautua defendatu zuen Etchegarayk, eta ziurtzat jo zuen orain arte Garapen Kontseiluaren aurrekontuaren zati bat bere gain hartu duen erakundea, alegia Estatua, ez dela oztopo izanen Garapen Kontseiluaren birmoldaketari ekiteko. Euskal Elkargoa eta elkartearen arteko hitzarmena plantan emateko proposamena lantzeko engaiamendua hartu du Elkargoak.

Klimari buruzko plana

Garapen Kontseilua iraunkortzeko proiektuarekin batera, beste erabaki garrantzitsu bat hartu zen biltzarrean. Hala, urte bukaerarako lurraldeko garapen jasangarriari buruzko egitasmoaren irizpide eta lehentasunak finkatzeko agindua eman zuen Herriarteko Kontseiluak.

Ondoko hilabeteetan, besteak beste, berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa tipitzeko, energiaren xahuketa ekiditeko eta energia iturri garbiak garatzeko asmoak izanen dituzte aipagai, ondorioz, biltzarkideek.

Oroitarazi behar da ur kudeaketari buruzko eskuduntza bere gain hartu ondoren, hiru lurraldeetako zerbitzua abian eman duela urtarrilaren 1ean Euskal Elkargoak.