Kazeta

Milaka lagunek konponbidearen aldeko prestutasuna adieraziko dute Bilbon

Euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen defentsan, milaka herritarrek Bilboko karrikak beteko dituzte urtarrilaren 13an. Ipar Euskal Herritik sei autobus antolatu dituzte "Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude" lemapean iraganen den mobilizazioan parte hartzeko.

78 000 bat pertsonek iazko mobilizazioan parte hartu zuten. ©Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS
78 000 bat pertsonek iazko mobilizazioan parte hartu zuten. ©Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS

Parisko mobilizazioaren ondoren, konponbidearen aldeko aldarriek hitzordu bat dute gaur Bilbon. Milaka herritarrek "Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude" lelopean iraganen den manifestazioan parte hartuko dute. Sarek antolaturiko mobilizazioaren bitartez, "giza eskubideak, konponbidea eta bakea" aldarrikatuko dituzte. Ipar Euskal Herritik sei autobus Bizkaiko hiriburura joanen dira gaur ekimenean parte hartzeko.

Euskal Herria prest dagoela erakutsiko dute gaur milaka lagunek. Prest euskal presoen hurbilketarako, eri diren presoen askatasunerako eta baldintzapeko askatasunen onarpenerako. Hots, salbuespenezko legediaren indargabetzerako.

Bagoazeko bozeramailea den Emilie Martin urrats zehatzen esperoan dago. "Oraindik ez da hurbilketarik burutu, ezta baldintzapeko askatasunik onartu ere. Ion Kepa Paroten auzian prokuradoreak izan zuen jarrera eskandalagarria da", nabarmendu du.

Ipar Euskal Herritik geroz eta jende gehiago Bilbora doala uste du. Hain zuzen ere, Bagoazek Maule, Donibane Garazi, Hazparne, Baiona, Donibane Lohizune eta Biriatutik pasako diren lau autobus antolatu ditu. Gisa berean, Zinka elkarte xiberotarrak eta Hendaiako Baleak erakundeak ere autobusak antolatu dituzte.

Estatu frantses zein espainiarren aldetik keinu baikorren esperoan, Bilboko karrikak herritarren itxaropenez beteko dira. Martinek aitortzen duenez, "memento oso azkarrak" bizitzen dira badira urteak antolatzen den ekimenean. "Aldi batez joaten zarenean, hurrengo urteetan itzultzen zara. Haatik, beti, azkena izanen dela espero dugu", aitortu du.

Goizeko 11.00etan antolatzaileen adierazpenek hasiera emanen diote mobilizazio egunari. Gatazken konponbidean gizarte zibilaren parte hartzeaz hausnartuko duen mintzaldiaren ondotik, bertso eta musikaren txanda izanen da. Arratsaldean, 17.30ean Bilboko karrikek gainezka eginen dute.