Euskoa: Baionako Herriko Etxea eta suprefeturaren arteko prozedura judiziala deuseztatua

Baionako Herriko Etxeak ordainketak euskotan egiteko harturiko erabakia auzitara eraman zuen Catherine Séguin suprefetak. Paueko administrazio auzitegiak gaur aztertzekoa zuen berehalako auzi prozedura. Epaileak auzia bertan behera uztea erabaki du, juridikoki, ezin delako izenpetua den hitzarmen baten kontra jo.

Iurre BIDEGAIN|2018/01/12 09:59
Guz_herri_urrats_8783
Baionako Herriko Etxeak hainbat ordainketa burutzeko euskoa erabili nahi du. © Aurore LUCAS

Baionako Herriko Etxeak euskotan ordainketak egiteko erabakia hartu zuen uztailean. Catherine Séguin suprefeturaren aburuz, delibero horrek ez du bat egiten legearekin. Hori dela eta, salaketa bat aurkezteaz gain, berehalako prozedura abiatu zuen Paueko auzitegi administratiboan. Epaileak gaur aztertzekoa zuen suprefeturaren galdea. Azkenean, auzia bertan behera uztea erabaki du.

Xebas Christy Euskal Moneta elkartearen kideak azaldu duenez, Herriko Etxeak deliberoa hartu ondotik, hitzarmena izenpetu zuen erakundearekin. "Auzitegiak ezin du Herriko Etxeak harturiko deliberoa hautsi. Horrek eragin zuzena izanen luke kontratuan", aipatu du.  Administratiboki, hitzarmena izenpetua denez, ezin da horren kontra jo. Izenpetu bezain laster, hitzarmena martxan dagoelako.

Hori dela eta, epaileak aferari buruzko prozedura judizial guztia bertan behera utzi du. "Orain suprefetak bere nahiarekin segitu nahi badu, izenpetua den hitzarmenaren kontra jo beharko luke, ez deliberoaren aurka", ohartarazi du Christyk.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK