Blai telebista, gazteengandik gazteentzat sorturiko gune askea

Urtarrilaren 14rako Blai gazte telebistaren "estreinaldi mundiala" iragarri dute. Arratsean, 20.00etan, drogei buruzko mahai inguru batek hasiera emanen dio gazteengandik eta gazteentzat sortuko proiektuari.

Iurre BIDEGAIN|2018/01/12 08:35
Capture_d_e_cran_2018-01-11_a_16
Blai Gazte Telebista igandean estreinatuko dute, 20.00etan.

Blai gazte telebistaren sorterria Barañain dela erran daiteke. Hain zuzen ere, 2016ean Nafarroako auzoan antolatu ziren topaketan lan ildo ezberdinak mahaigaineratu zituzten. Komunikazioarena horietariko bat izan zen. Amaia Antzuola Blai telebistako parte hartzaileak azaldu duenez, ohartu ziren hutsune bat zegoela. Hots, "gazteongandik eta gazteentzat" zuzenduriko komunikazio tresna bat beharrezkoa zela Euskal Herrian.

Bi urte hauetan proiektuari forma eman diote. Hain zuzen ere, saio ezberdinei bideratutako lan taldeak osatu dituzte. Oraingoz, hiru saio proposatuko dituzte: "Mahai gainera" deituriko eztabaida gunea, gazte musikariei zuzenduriko tartea eta humorezko albistegia. Gustu guztiak asetuko dituzte, zalantzarik ez.

Urtarrilaren 14rako, 20.00etan "estreinaldi mundiala" iragarri du gazte telebistak. Youtubeko kanal, zein Topatu.eus hedabidearen bidez ikusten ahalko den lehen saioa mahai-inguru bat izanen da. Aurkezle batek parte hartzeaz gain, hiru gaztek drogei buruz eztabaidatuko dute. "Eztabaidak sustatu nahi ditugu. Gazteei eragiten gaituzten eta askotan ezkutuak diren gaiak aukeratuko ditugu", aipatu du.

Izenak dion bezala Blai telebistak "lasai egoteko" espazio bat izan nahi du. "Beldurrik gabe norberak esan nahi duena errateko. Gazteak bustitzeko. Hau da, inongo oztoporik gabe, iritziak plazaratzeko gune aske bat izan nahi du", azaldu du kideak.

Lankidetza, gidari

Blai telebistarentzat beste erakunde zein medioekin "elkarlana" sustatzea funtsezkoa da. Hori dela eta, Kanalduderekin ere lanean ibiliko da. Antzuolaren erranetan, euskal musikari gazteei buruzko saioa elkarlanean ekoiztuko dute.

Orain arte, "laguntza kolektiboa" baikorra izan dela dio gazteak. Hainbat gaztetxek grabaketa lanetan parte hartu dute. Lankidetza horrek gidatuta, Hamaika Telebistak ere Blai telebistaren saio bakoitza eskainiko du astelehenetan, 21.00etan.