Baionako Herriko Etxeak euskoekin ordaintzearen kontra jo du suprefetak

Ordainketak Euskoetan egin ahal izateko, Baionako Herriko Etxeak hitzarmen bat izenpetu zuen Euskal Moneta elkartearekin uztailean. Catherine Séguin suprefetaren aburuz, deliberoak ez du legea errespetatzen. Paueko auzitegi administratiboan salaketa bat aurkezteaz gain, berehalako auzi prozedura bat abiatu du Herriko Etxeak harturiko erabakia bertan behera uzteko.

Iurre BIDEGAIN|2018/01/11 08:05
Gar_j_rene_etxegarray_bobedme104
Baionako Herriko Etxeak uztailean hitzarmen bat izenpetu zuen Euskal Monetarekin. © Bob Edme

2017ko uztailean Euskal Moneta eta Baionako Herriko Etxeak hitzarmen bat izenpetu zuten. Herriko Etxeak tokiko zerbitzu publikoetan Euskoaren erabilpena baimentzeaz gain, hainbat gauza tokiko monetarekin ordaintzea ahalbidetzen du hitzarmenak. Catherine Séguin, suprefetaren ustez, erabaki horrek ez du legea errespetatzen. Hitzarmena lehenbailehen deuseztatu behar litekeela dio. Jean-René Etchegaray ez dator bat suprefetaren iritziarekin  eta deliberoa bertan behera uztea errefusatu du. Seguinek Paueko administratibora jo eta berehalako auzi prozedura bat abiatu du. Urtarrilaren 12an, suprefetaren eskaera aztertuko du epaileak.

Baionako Herriko Etxeak hainbat ordainketa burutzeko euskoa erabili nahi du. Hala nola, onartzen duten hautetsiei lan sariak bideratzeko, elkarteei diru laguntzak helarazteko eta fakturen ordaintzeko. Xebas Christy Euskal Monetaren kideak dioenez, Baionako Herriko Etxearen nahia "aitzindaria" da.

Hain zuzen ere, gaur egun Euskoarekin bat egin duten Herriko Etxeek, hots, Hendaia, Lekorne eta Uztaritzek, kudeatzen dituzten zerbitzu publikoetan  tokiko monetarekin ordaintzeko parada eskaintzen diete herritarrei. Baina, orain arte, ordainketak euskoekin egiteko borondatea erakutsi duen Herriko Etxe bakarra Baionako da.

Lege bakarra: bi analisi

Christyk azaldu duenez, 2011n Estatu frantsesean bozkatutako lege batek Herriko Etxeek erabili dezaketen ordainketa sistemak zehaztu zituen. Herriko Etxeek Moneta eta Finantza Kodean agertzen diren ordainketa sistemak erabiltzen ahal dituztela zioten araudian.

Beranduago, gauzatze dekretua plazaratu zuten. Azken horrek legea nola aplikatu behar den azaldu zuen. Moneta eta Finantza Kodearen arabera erabili zitezkeen zitezkeen ordainketa tresna guztiak zerrendatu zituzten gauzatze dekretuan. "Zerrenda horretan tokiko monetak ez dira agertzen", erantsi du Christyk. Bere erranetan, geroztik gauzatze dekretua ez da aldatu. Baina, 2014ean, tokiko monetak Moneta eta Finantza Kodean sartu zituzten. Hori dela eta, ordainketa tresna bat bezala ezagutuak dira.

Euskal Monetarentzat Baionako Herriko Etxea eta suprefetaren arteko prozedura judiziala, "Euskoa baino haratago doan afera da". "Auzi horretan trenkatuko dena Estatu frantseseko tokiko moneta guztiei aplikatzen ahalko zaie", ohartarazi du Xebas Christyk.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK