"Errugabea" dela deklaratu du ELBk jendarmerian

Barkoxeko Ühartia etxaldeko ahateak hiltzearen kontrako mobilizazioa dela eta, ELB sindikatuko Panpi Sainte-Marie Mauleko jendarmeriara deitu dute urtarrilaren 10ean. Afera horretan, "errugabea" dela dio ELBk. Jendarmerian pausatu dizkioten berrogeita hamar galderei ez die erantzun Sainte-Mariek.

Iurre BIDEGAIN|2018/01/10 17:25
Capture_d_e_cran_2018-01-10_a_17
Panpi Saint-Marie Mauleko jendarmeriari deitu dute 14.30ean. ©ELB

Hazleak komisaldegira deitu ondoren, Panpi Sainte-Marie ELB sindikatuko idazkari nagusiaren txanda izan da urtarrilaren 10ean. Barkoxeko Ühartia etxaldeko ahateak salbatzeko mobilizazioa dela eta, "konplizitatea" leporatu diote sindikatuari. "Administrazio sanitarioko kideen trabatzea" egotzi diote, hain zuzen. Sainte-Marie "errugabea" aurkezteaz gain, jendarmeek pausatu dizkioten berrogeita hamar galderei ez erantzutea erabaki du.

ELBren funtzioa "kontzientziak piztea" izan zela defendatu du idazkariak. Herritarrak eta hautetsiak arazoaz jabetzeko xedea zuen sindikatuak. "Administrazioaren zentzugabekeria oztopatu zuena herri harresia izan zen. ELBk arazoa plazaratu zuen soilik", nabarmendu du.

Paueko prokuradoreak mobilizazioaren eraginez auzi bat abiatzea erabakitzen badu, ELB "akusatzaile gisa" aurkeztuko litzatekeela dio Panpi Saint Mariek. "Hegazti gripearen kudeaketa txarra eta erokeria administratiboa salatuko genuke", erran du.

Sindikatua "lasai" dagoela aitortu du. "Ez dugu ulertzen zertarako balio duen afera horrekin segitzea urte bat beranduago. Guk gure ekintza sindikala burutu genuen eta harro gaude", azpimarratu du.