Kazeta

Martxan da Gipuzkoan kamioiek ordaindu beharko duten bidesaria

Urtarrilaren 9tik aitzina, N-1 errepidetik pasatzen diren kamioiek bidesari bat ordaindu beharko dute. Irun, Etzegarate eta Andoainetik pasatzen diren bakoitzeko, telematikoki ordainsaria pagatu beharko dute. Neurri berriaren bidez, Gipuzkoako Aldundiak N-1eko konponketa lanak ordainarazi nahi die atzerriko kamioei.

Gipuzkoako garraiolarien mobilizazioa Etzegaraten. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Gipuzkoako garraiolarien mobilizazioa Etzegaraten. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Aldundiak neurri berria iragarri zuen abenduaren 28an: urtarrilaren 9tik aitzina kamioiek bidesari  bat ordaindu beharko dute N-1 errepidean. Egunero, 8.000 kamioi inguru Biriatuko ordainlekutik pasatzen dira eta gehiengoak ordainsaria pagatu beharko du. Aldundiaren erranetan, bederatzi milioi euro irabaziko ditu, horiek errepideko egiturak hobetzeko inbestituko dituela dio.

Bidesaria ordainarazteko arkuak jarri dituzte Etzegarate, Andoain eta Astigarragan. Ordainketa telematikoa izanen da. Hau da, kamioiak ez dira ordainlekuetan gelditu beharko. Via T sistema erabiltzen dutenei zuzenean kobratuko zaie. Besteek, ordea, AT sistemaren txartela erosi beharko dute.

Irun, Andoain eta Etzegaratetik pasako diren bakoitzean, kamioi handiek 0,69, 3,96 eta 2,93 euro pagatu beharko dituzte. Halaber, 3.500 eta 12.000 kilo arteko kamioiek 0,56, 3,20 eta 2,36 euro ordaindu beharko dituzte.

Neurri berriaren kontra jotzeko, iragan urtarrilaren 2tik 5era greba deialdi bat luzatu zuen CNTC Espainiako garraio enpresen patronalak. Gipuzkoako garraiolarien erakundeek, Guitrans eta Hiru sindikatuak greba mugimenduarekin bat ez egitea erabaki zuten.