Maite UBIRIA
Capture_d_e_cran_2016-11-22_a_17
"Pace è salute"

IRITZIA- Korsikako Lurralde Elkargo Bakarra eratuko dute urtarrilaren 2an. Horrek ekarriko duen eskema-politiko instituzionalaz hausnartu du Maite Ubiria Garako kazetariak.

2018/01/02 12:18 | 0 iruzkin

"Konstituzio batek ez badu aintzat hartzen herri bat, Konstituzioa aldatu behar da, ez herria behin betiko desagerrarazi". Gilles Simeonik, Korsikako lehendakariak egin zuen gogoeta, zinez zentzuduna, eztabaida politikoa zabaldu nahian. Gehiengo osoa hauteskundeetan lortu eta egun gutxira entzun ahal izan zuten herritar frantziarrek haren proposamena.

Eski estazio chic batera joateko jantziak prestatzen ari zela, Emmanuel Macronek bere erantzuna eman zuen, zinez hertsia, korsikarrek adierazitako borondatea frantziar legearen moldera mugatu nahian. «Nazionalistek Lurralde Elkargo Bakarra errepublikaren koadroaren baitan kudeatzeko agindua jaso dute».

Bi agintari, bi aburu, eta ñabardura txiki bat. Errepublikako markoa aldaezina dela defendatzen duten indarrak hutsaren hurrengoa dira uhartean. Errepublika bakarra eta uniformea iraunkortzeko –bide batez lurralde eta kultura logikak ukatuz– Parisek sustaturiko hauteskunde legea bere kontra itzuli zaio. Ondorioz, Macronek betikotu nahi duen eredua, zaharkitua izateaz gain, edo hain zuzen ere horrexegatik, inork gutxi defendatuko du, ez bederen berak egin duen gordintasunarekin, urte berriarekin batera uharteak estreinatuko duen eskema politiko-instituzionalean.

Pe à Corsica koalizioak esku batekin egunerokotasuna kudeatu eta bestearekin zerumuga berria zabaltzera jokatzeko asmoa agertu du. Borondate demokratikoan oinarrituz gaur osatuko den asanbleak gidoi berria idatziko du. Macroni dagokio irakurketa egokia egitea. Mediterraneoko uhinak Kantauriko hondartzetan sentituko direlakoan: Pace è salute.