ANUNTXI ARANA
ANTROPOLOGOA EUSKAL MITOLOGIAN ADITUA

Anuntxi Arana Lapurdin bizi den arabarrak euskal mitologia aztertzen du. 1985. urtean agortu zen "Ipar Euskal Herriko Legenda eta Ipuinak. XIX. mendean bilduak" liburuaren edizio berritua argitaratu berri du Gatuzain argitaletxearekin. Bere ibilbidean egin duen lanagatik Durangoko Azokaren Argizaiola saria eman zioten badira hiru urte.

Euskal Herriko mitologiari buruz egiten diren interpretazio fantasiatsuek kezkatzen naute
Idoia ERASO|2018/01/02 08:10|0 iruzkin
Anuntxi_arana
Anuntxi Aranak Argizaiola saria jaso du Nerea Mujikaren eskutik. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

OINARRIAN


«Uste dut jendearen esku eman behar direla mitologia oinarrian bildua izan den bezala erakusten duten lanak»

EGUBERRIAK


«Gabon garaia istorioak kontatzeko momentua izan da tradizio zaharrean, Eguberri gaua transmisiorako kasik instituzio bat da»

PARERIK GABE


«Cerquanden bilduma hauek ez dute parerik, istorio tipo batzuk ez dira besteetan agertzen, gure mitologiaren zati oso inportantea dira»

Jean-François Cerquand erudito eta idazle frantziarrak XIX. mendean argitaratu zuen Ipar Euskal Herriko istorioen bilduma transkribatu eta egungo irakurlearentzat egokitu du Anuntxi Aranak. Gaur egun interes handia biltzen duen euskal mitologiaren oinarrian dauden kondairak eta ipuinak plazaratzea du helburu.

Argitaratu berri duzun liburuak zer eskaintzen du?

XIX. mendean Baxen Nafarroan, Xiberoan eta pixka bat Lapurdin supazterrean kontatzen ziren istorioak. Liburuan Cerquandek berak klasifikatu zituen moduan testu mota ezberdinak badira: fabulak eta istorio laburrak (San Pedro, Jondoni Petri eta Jesu kristo), bada asko guk ipuin miresgarriak deitzen ditugunak, (Mari Errauskine eta halakoak, munduan nonbait kokatzen direnak), eta badira hemen kokatuak direnak eta izaki mitikoek protagonizatzen dituzten kondairak. Irri istorio gutxi batzuk ere badira, irri edo burla egiteko.

Zuk sailkapen bat egin duzu horien artean.

Bai, Cerquandek lau artikulutan argitaratu zituen, lehen artikuluan sailkapen bat egin zuen, baina beste hiruretan ez zen horri doitu. Nik nire moduan sailkatu ditut, hasi naiz fabulekin, bera ere horrela hasi zelako, baina gero nire erara egin dut. Beraz, lehenik fabulak; gero ipuin miragarriak edo irringarriak; eta gero sartu naiz hemengo lamina eta pertsonaiekin.

Nire kriterio nagusia izan da hemengo pertsonaiak dituzten kondaira mitikoak, izan dadin laminak, basajaun, herensugea, euli langileak (prakagorriak)... horrelakoak utzi ditut bukaerarako. Mitoak normalean leku konkretu batean kokatzen dira, istorio hauetan bederen, horrelako etxean, halako mendian, harpean, dolmenean…

Cerquanden obra jadanik 1985. urtean bildu zenuen. Ze berezitasun dauka edizio honek?

Oro har, oso antzekoa da, baina zuzenketa batzuk egin ditut. Cerquandek bere obra argitaratu zuen frantsesari lehentasuna emanez, eta gero argitaratu zituen euskarazko originalak, batzuetan frantsesez diren istorio batzuk ez dira euskaraz, alderantziz, aldiz, ez da gertatzen. Lehengo edizioan adibidez, horiek bukaerarako utzi nituen, baina orain sartu ditut, beste ipuinen artean, seinalatuz nire itzulpena dela, nire euskara dela eta ez kontalariarena.

Nota batzuk gaineratu ditut, nik egindako transkripzioa originalean zeri dagokion jakiteko. Senarra "zenara" idatzia baldin bada, seinalatzen dut, edo nik "etxea" transkribatzen badut originalean beharbada "etchia" izango da. Ez dut dena egin, baina gutxi gorabehera irakurlea konturatu dadin nolakoa zen originala, aski zaila oraingo euskaldunentzat.

Euskalkien "zailtasuna" ere gehitu daiteke irakurlearentzat.

Ez bakarrik hiru euskalkiengatik, baizik biltzeko erari loturiko zailtasuna ere bai. Cerquand, Akademia Nazionaleko inspektorea izanik, errientei (ez da emazterik transkribatzaileen artean) eskatu zien bere ikasleen etxeetara joan zitezen, eta galdetzeko zekitenei ipuin horiek konta ziezaieten. Maisu bakoitzak, bere moduan transkribatu ditu eta, batetik bestera, nahiz eta euskalki bera izan, diferentzia handia izaten da. Eta batzuetan istorio bakar batean ere, bi grafia agertzen dira, edo bi aditz forma, adibidez: "zion" eta "zakon". Hori nik errespetatu dut, aditzetan ez dut batere aldatu, eta deklinabideetan erregularizatu dut, baina beti bada hiztegia azpian, jendeak ikus dezan zein den esanahia.

Irakurketa ez da umeei egiteko modukoa, emeki irakurri behar dira, beharbada bi aldiz ere bai, hiztegiari begira, ondo ulertzeko, baina gero nire ustez izugarri balio du.

Nor zen Jean François Cerquand, eta zergatik egin zuen bilduma hau?

Paueko Akademia ikuskaria zen, Euskal Herriko errientak eta errientsak bere azpian zituen, eta aldi berean mitologian aditua eta helenista ere bazen. Ez dugu berri handirik berari buruz, zernahi gisaz. Bilduma hau garaiko metodo zientifikoenekin egin zuen, eskatu zien bere irakasle horiei transkriba zezaten entzuten zuten moduan, kasik diktadoan bezala, baita ulertzen ez zutena ere. Horretan oso aurreratua zen, magnetofonoa heldu arte ezin da hobeki egin.

Zergatik iruditzen zaizu garrantzitsua dela liburu hau berriz argitaratzea?

Hemen, Euskal Herrian, egin zen lehen bilduma da, mitologia, tradizio eta kondairaz. Atera zenean denek onartu zioten oso lan seriosa zela, Wentworth Websterrek ere esan zuen, ordura arte egindako lan seriosena zela, eta orain ere ez da gutxiago. Ipar Euskal Herriari buruz lau bilduma inportanteenak dira Cerquandenak, gero etorri ziren Webster, Jean Barbier eta Mayi Ariztia. Cerquandenak ez du parerik nire ustez, istorio tipo batzuk ez dira beste bildumetan agertzen. Gure mitologiaren zati oso inportantea da.

Euskal Herri mailatik begiratuta, hor agertzen diren kondaira batzuk beste lurraldeetan ere aurkitzen dira?

Bai, bada gauza interesgarri bat, prakagorriei edo galtzagorriei loturik. Ni Orozkon aritu naiz inkesta egiten, asko kontatu dizkidate prakagorriei buruzko istorioak, eta istorio oso antzekoak atzematen dira Ipar Euskal Herrian ere. Orozko euskalduna den Euskal Herriko mendebaldeko muturra da, eta eskema bera ekartzen ditu Cerquandek Eskiulan, hau da Euskal Herriko ekialdeko muturrean, gero erdian badira horrelako istorio batzuk, baina askoz gutxiago.

Beste gauza bat ere bada. Cerquand oso seriosa zen eta jartzen zuen nork kontatu zuen istorio bakoitza; bada gizon bat Altzürükün, Jean Salaber deitzen zena, eta hark kontatzen dituen laminei buruzko istorioetan erraten da nola etortzen ziren etxeetara tximiniatik, eta mairuak ere aipatzen ditu. Aurkitu dut Orozkon beste pertsona batek kontatu duela istorio mota bera XX. mendearen bukaeran. Ez da harrigarria, Euskal Herrian mitologia mailan bada batasuna, baina horrelako bi muturretan horrelakoak aurkitzen dituzunean, oso polita da.

2014an Durangoko Azokako Argizaiola saria eman zizuten euskal mitologia ezagutarazteko egin duzun lanarengatik, eta gaur egun ere lan horretan segitzen duzu.

Bai, argitalpen hau ez da lan berria, baina hobetu nahi izan dut. Bilduma hori agortua zen, eta uste dut euskaldun guztiok badugula interesa horrelako klasikoetara jotzeko.

Orain gauza batek gero eta gehiago kezkatzen nau, eta da Euskal Herriko mitologiari buruz egiten diren interpretazio fantasiatsuak. Batzuetan irakur daitezke, Amalur, euskal kosmogonia eta horrelako gauzak, ez direnak justifikatuak euskal istorioetan. Nonbait "metamitologia" bat sortu da, eta mitologiaren gainean beste mitologia bat egin da. Nire ustez, batzuetan ikusten da testu horiek egiten dituztenek oso gutxi irakurri dituztela egiazko istorio eta kondairak. Mitologiaren lehengaia mitoak dira, kondairak dira, eta hori irakurri gabe beren buruan egiten dituzte horrelako muntaiak, ez dutenak egiazko oinarririk. Horregatik uste dut jendearen esku ezarri behar direla mitologia bildua izan den bezala erakusten duten lanak.

Orain beste mitologia bat bada, artistek edo idazleek egin ditzatela nahi dituzten berridazketak, baina azaldu behar da hori ez dela antzinako mitologia. Ahoa betetzen dute gure arbasoek erraten zutenarekin, baina istorioetara finkatu behar gara, eta istorioak irakurri, umeei kontatzeko ere bai. Nahiz eta Cerquanden, edo beste batzuen, istorioak umeei kontatzeko moldatu behar diren, istorioak kontatuko dituenak nire ustez oinarria hartu behar du bilduma klasikoetan, euskarazko tradizioan, eta ez azkenaldi honetan egiten diren fantasietan.

Nahiz eta fantasia horiek oso dotoreak izan, gurea den bezalakoa da, eta ez da gutxiago, alderantziz, ze batzuetan ezartzen dizkioten apaindurek hondatzen dituzte istorio eder batzuk. Mitoak normalean ez dira oso luzeak izaten, ez dute apaindurarik, funtsezkoena agerrarazten dute, dekantatuak dira, belaunaldiz belaunaldi transmitituak dira, eta ez dituzte maite horrelako apaindurak, baina orain batzuetan umeentzat apaindu egiten dira, eta nik ez dut maite.

Gabon garaian gaude, mitologiari loturiko egunak dira.

Gabon garaia istorioak kontatzeko momentua izan da tradizio zaharrean. Eguberriko gaua betidanik izan da transmisiorako kasik instituzio bat. Orozkon bederen, bi okasiotan transmititzen ziren ipuinak eta legendak, asko Gabon gauean (non auzokoekin biltzen ziren askotan, ez bakarrik familiarekin), eta gero norbait hiltzen zenean, hil beilan. Beste gauza batzuk ere transmititzen ziren, kantuak, beste istorio mota batzuk ere bai, irri egitekoak erraterako.